Politika -
BIDEGI AUZIA
Epaileak 'Bidegi auzia'ren zati bat artxibatu du, deliturik atzeman ez duelako
Instrukzio epaileak autoan esan duenaren arabera, ez dago froga nahikorik, ezta zantzurik ere, delituak egin zirela ebazteko. EH Bildu buru zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak aurreko foru gobernuaren aurkako bi kereila aurkeztu zituen AP-1 autobideko lanengatik.
EITB Media
Azpeitiko 2. Instrukzio Epaitegiak "Bidegi auzia"ri dagokion zati bat artxibatu egin du, behin-behinean, uste duelako auzia eragin duen delitua ez dagoela behar bezala justifikatuta.
Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusi zen garaian (2011-2015), EH Bilduk Markel Olano buru zuen aurreko foru gobernuaren aurka bi kereila aurkeztu zituen AP-1 autobidearen lanetan ustez egin ziren irregulartasunengatik. Zehazki, Agustin Zugasti (Bidegiko zuzendari teknikoa), Mirari Azurmendi (Bidegiko arduradun teknikoa), Juan Francisco Garcia (UTE Arlaban), Silvia Armenteros (Bidegiko administratzailea) eta Jose Manuel Vacas (lanen arduraduna) auzipetzeko eskatu zuen. Gasteiz-Eibar autobideko lanetan, Arlabango tunelak eraikitzeko lanetan, irregulartasunak egin zirela salatu zuen koalizio abertzaleak, eta 17 milioi euroko ordainketa irregularrak egin zirela. 2016ko ekainaren 30ean, Mirari Azumendiren eta Silvia Armenterosen kontrako auzibidea artxibatu egin zuten, behin-behinean.
EITBk eskuratu duen autoaren arabera, ezin izan da zehaztu Gipuzkoako Foru Aldundiak iruzur egin ote zuen AP-1 autobidean (Gasteiz-Eibar), Arlaban-Eskoriatza iparraldea tartean egindako lanetan.
EH Bilduk orotara bi kereila aurkeztu zituen Bidegi auziari lotuta, eta erabaki honek bigarrenarekin du lotura.
Orain aldeek bost eguneko epea dute helegiteak aurkezteko.
"Bidegi auziko zati bat modu faltsuan" ixtea salatu du EH Bilduk
Erabakia ezagutu ondoren EH Bilduk azaldu duenez, "Bidegi auziko zati bat modu faltsuan ixteak herritarrei egia ezagutzeko eskubidea eta berme guztiak dituen prozesu baterako eskubidea lapurtzea dakar".
Ohar batean adierazitakoaren arabera, "Fiskaltza eta EAJ saiatu dira auzia ezerezean uzten instrukzioak iraun duen 8 urteetan".
Halaber, EH Bilduk abokatuekin autoa aztertu ondoren erabakiko du helegitea aurkeztu ala ez.