Politika -

SANCHEZEN INBESTIDURA

Puigdemontek gaur jakinaraziko ditu Sanchezen inbestidura negoziatzeko JxCaten baldintzak

11:00etan Bruselan hedabideen aurrean egingo duen agerraldian argituko du Generalitateko presidente ohiak zeintzuk diren bere alderdiaren lehentasunak eta betebeharrak Pedro Sanchezen inbestidura negoziatzen hasteko.

Carles Puigdemont, atzo, Bruselan. Argazkia: EFE
Carles Puigdemont, atzo, Bruselan.
Carles Puigdemont, atzo, Bruselan. Argazkia: EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaur jakingo da JxCat alderdiak PSOErekin balizko inbestidura-itun bat erdiesteko baldintzak zeintzuk diren. Carles Puigdemont Generalitateko presidente ohiak emango ditu jakitera Bruselatik, 11:00etarako iragarri duen agerraldian.

Hain zuzen ere, Puigdemontek atzo Yolanda Diaz Sumarreko buru eta Espainiako Gobernuko jarduneko bigarren presidenteordearekin izandako batzarraren biharamunean argituko dira zalantzak. Bi agintariok Kataluniarako "irtenbide demokratiko guztiak aztertzea" adostu zuten batzarrean, Sumarrek eta JxCatek elkarrekin kaleratu zuten agiri batean zehaztu zutenez. Espainiako Gobernuak argi utzi nahi izan zuen ez zuela zerikusirik bilerarekin, eta Diaz Sumarren izenean joan zela hitzordura.

Joan den astean X sare sozialean zabaldutako mezu batean jakinarazi zuen Generalitateko presidente ohiak gaur jarriko duela mahai gainean bere alderdiaren proposamena balizko inbestidura akordio batera begira. Haren arabera, alderdiekin "elkarrizketak bai", baina "ez dugu inorekin negoziaziorik martxan" eta "ez diogu inori gure proposamena aurkeztu". Ohartarazi zuenez, elkarrizketa eta negoziazioa "ez dira nahastu behar", ez baitira sinonimoak. 

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteak, bere aldetik, akordioa "beldurrik gabe, anbizioz eta ausardiaz" egin daitekeela esan zuen atzo, eta baikor agertu zen bere inbestiduraren aurrean.

Ildo horretan, Ione Belarra Podemoseko idazkari nagusi eta Eskubide Sozialen eta 2030 Agendaren jarduneko ministroak esan du "funtsezko elementua" dela PSOEk Junts "legezko aktore gisa" aitortzea inbestiduraren negoziazioei begira eta "gehiengo plurinazionalaren" babesarekin gobernu bat osatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika PSOE Kataluniako erreferenduma Espainiako Gobernua Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak Carles Puigdemont Junts per Catalunya