Politika -
Inbestidura
Kataluniarako "irtenbide demokratiko guztiak aztertzea" adostu dute Yolanda Diazek eta Puigdemontek
Komunikatu bateratu batean, biak "baikor" agertu dira, eta bilera "normaltasunez" eta "tonu adeitsuan" igaro dela adierazi dute. Moncloa, berriz, aldendu egin da elkarrizketa honetatik.
EITB Media
Yolanda Diaz Espainiako Gobernuko jarduneko bigarren presidenteorde eta Sumar mugimenduko buruak eta Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohiak Bruselan egin duten bilera "sintonia onean" egin da, eta Katalunian "gatazka politikoa desblokeatzeko irtenbide demokratiko guztiak aztertzea" adostu dute.
Hala adierazi dute Sumarreko iturriek Diazen eta Puigdemonten arteko bileraren ostean, eta hitzordu "emankorra" izan dela esan dute, "bi alderdi politikoen artean harreman normalizatua eta egonkorra ezartzea ahalbidetu duelako".
Aurreikusi bezala, bilerak ia hiru ordu iraun du, eta Jaume Asens En Comu Podemeko buruzagiak eta Antoni Comin eurodiputatuak ere parte hartu dute.
Espainiako Gobernuak, baina, adierazi du ez duela bilera honekin zerikusirik. Moncloa jauregiko iturrien arabera, Diaz "Sumarren izenean" joan da bilkura horretara, ez PSOEren izenean. Bart gauean eman omen die Sumarrek bileraren berri sozialistei.
Bilera amaitu berritan, atean zain zituen kazetariei oso labur erantzun die Diazek, bilera "oso ondo" joan dela adieraziz. Batzar gehiago egongo diren galdetuta, "noski" erantzun du.
Puigdemontek, bere aldetik, Twitterren argitaratu duen mezu labur batean, "normaltasun demokratikoaren" barruan kokatu du hitzordua. Horren iritzian, "hitz egitea eta ideologia ezberdineko alderdien artean harreman politikoak izatea" ez litzateke "apartekoa" izan behar.
Erreakzioak
Pablo Fernandez Podemos alderdiko bozeramaileak "positibotzat" jo du bilera, "inbestidura aurrerakoirako urratsak emateko" balio duelako. Hala ere, alderdien arteko "koordinazioa" eskatu du, urrats "garrantzitsua" delako eta "koordinazioa" behar duelako.
PPk, bere aldetik, "eskandalutzat" jo du "Justiziatik ihesi dagoen" batekin biltzea, eta "edozein konbentzio politiko" hausten duela uste du. Hala adierazi du Borja Semperrek PPren egoitzan emandako prentsaurrekoan. Era berean, PPk Juntsekin izango duen harremana "oso bestelakoa" izango dela azpimarratu du, "normaltasun instituzionala" berreskuratzearen baitan kokatzen delako.
Elia Tortoleroren (PSC) hitzetan, bilera "Sumarren ekimena" da, eta "ez ditu PSC eta sozialistak ezertara konprometitzen". Bien bitartean, Raquel Sans ERCko bozeramaileak "positibotzat" jo du bilera. "Negoziazio politiko honetan lanean ari gara, eta, beraz, negoziazio honetan zenbat eta aktore gehiago batu, hobe izango da", esan du prentsaurreko batean.
Bilera hori JxCateko buruak akordioa lortzeko bere alderdiaren proposamena argitaratu baino egun bat lehenago izango da. Ostegunean, Puigdemontek astearte honetarako iragarri zuen proposamena, eta ukatu egin zuen inorekin negoziaziorik hasita izatea. Bi aldeek sarritan hitz egin dutela onartu, baina hizketaldi horiek ez direla negoziazioak eta elkarrizketa eta negoziazioa ez direla sinonimoak nabarmendu zuen.
JxCatek dauka koalizio gobernu aurrerakoi bat osatu ahal izateko giltza. Irailaren 26an eta 27an Alberto Nuñez Feijooren inbestidurak porrot egingo balu, Pedro Sanchez presidente izaten saiatuko da, eta, orduan, Kataluniako alderdiak Kongresuan dituen 7 diputatuen aldeko botoak edo abstentzioak hauteskunde orokorrak ez errepikatzea eragin dezake.