Politika -
Senatua
Senatuak airean utzi ditu EAJ, Junts eta ezker konfederalaren taldeak, txosten juridiko baten zain
Hamar eserlekura iritsi ahal izateko, PSOEk lau senatari utziko lizkioke Junts barruan duen taldeari, bost EAJri eta sei Sumarrek eta Geroa Baik osatzen dutenari.
Agentziak | EITB Media
Senatuko Mahaiak (PPk gehiengoa du) txosten juridiko bat eskatu du EAJ, Junts eta Ezker Konfederala talde parlamentarioak osatzea onartzen duen aztertzeko; izan ere, talde horiek PSOEk senatariak lagatzea behar dute hamar kide izatera iristeko, araudiak eskatzen duen bezala; beraz, momentuz, ez dira talde parlamentario bezala osatu.
Hiru talde baino ez dira erregistratu, horien inguruko zalantzarik ez dagoelako: PP, PSOE eta Independentziaren aldeko Ezkerrak (EH Bilduk eta ERCk osatzen dute).
Beraz, airean geratu da EAJk bere bost senatariekin eta PSOEk utzitako beste bostekin talde propioa osatu ahal izango duen.
Halaber, erabakitzeko dago Junts per Catalunyako hiru senatariek eta Coalicion Canaria, BNG eta Agrupacion Herreña Independiente (AHI) alderdien hiru senatariek taldea osatuko duten, PSOEk lau senatari utzita.
Azkenik, ikusteko dago Ezker Konfederala talde parlemantarioa berriro osatuko den: Mas Madrid, Compromis, Agrupacion Socialista Gomera (ASG) eta Evissa/Formentera al Senat alderdien senatariak, Geroa Baikoa (Nafarroako Parlamentuak izendatuko du, eta aurreko legegintzaldian talde horretako kide izan zen) eta PSOEk gainerakoak utzita.
Gainera, EAJk eta Ezker Konfederalak gutxienez PSOEko senatari bat taldean geratzea behar dute, euren taldeek sei kide baino gutxiago ez izateko, bestela desegin egin beharko lirateke.
Javier Maroto Senatuko Mahaiko lehen presidenteordeak azaldu duenez, senatarien lagapenak ez du zalantzarik pizten, PPk ere baliatu baitu aukera hori, baina "kasu batzuetan senatari propioak baino senatari gehiago daude maileguan", eta ez dago horren aurrekaririk.
Gainera, PPk Senatuan duen jarrera eta Kongresuan duena bereizi ditu. Kongresuan, PPk ERCren eta Juntsen taldeen aurkako botoa eman zuen, eta Mahaiaren erabakiaren aurka egitea aztertuko dute.
Horrela, PPk, Senatuan duen gehiengo osoarekin, airean utzi du EAJren eta Juntsen talde parlamentarioak eratzea. Hala ere, alderdi horiekin hitz egin nahi dute, Alberto Nuñez Feijooren inbestidurari begira.
EAJren formularen aurrekariak
EAJk PPren erabaki "politikoa" salatu du, eta, jeltzaleen ustez, EAJk proposatu duen konfigurazioa bat dator Ganberaren araudiarekin.
Hala, jeltzaleen hitzetan, Marotok azaldutako egoera ez da EAJren kasuan ematen, eta, aurrekarien inguruan, gogorarazi du IX. legegintzaldian EAJk Senatari Nazionalisten Legebiltzar Taldea osatu zuela, bere lau ordezkari eta BNGko batekin, gehi PSOEko beste bostekin.
EAJk PPri leporatu dio "gehiengo osoaren boterea erakutsi nahi izatea", eta hauteskunde orokorren emaitzen berri eman zutenetik taldeak eratzeko prozesua "atzeratzeko estrategia" bultzatu duela adierazi du.