Politika -

Espainiako Gobernua

Gabonen ostean errepikatuko lituzkete hauteskunde orokorrak, inbestidura saiakerek porrot egingo balute

Feijooren inbestidurak martxan jarriko du atzera kontaketa: urtarrilaren 14an egingo lituzkete hauteskundeak berriz.

EITB Media
EITB Media
EITB Media

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alberto Nuñez Feijooren (PP) inbestidura saioa irailaren 26an eta 27an egingo dute Kongresuan. Hori dela eta, hauteskunde orokorrak errepikatu beharko balira, urtarrilaren 14an izango lirateke, hots, Gabonak pasatu eta gero.

Inbestiduraren lehen bozketa giltzarria izango da, orduan hasiko baita hauteskundeen balizko errepikapenerako atzera kontaketa. Izan ere, lehen bozketa horretatik bi hilabete igaro eta gero oraindik presidenterik ez balego, Gorteak desegin egingo lituzkete, eta bozak 47 egunen buruan egin beharko lirateke.

Alderdiek publiko egin dituzten jarrerak kontuan hartuta, litekeena da Feijooren inbestidura saiakerak porrot egitea. Horrenbestez, irailaren 27an aipatutako bi hilabeteko epea abiatuko da.

Porrot horren ostean, Felipe VI.a erregeak beste bilera-sorta egingo luke, eta seguru aski Pedro Sanchez sozialistak bere burua proposatuko luke berriz presidente izaten saiatzeko.

Kongresuko Mahaia adostu zuenean bezala, Sanchek uste du gehiengo osoa lortzeko gai izango dela, baina horren kasuan ere blokeo egoera mantentzen bada, hauteskundeak errepikatzea izango da irtenbidea.

Gorteak desegiten direnetik hauteskundeak egin arte 54 eguneko epea aurreikusten du legeak, baina bozen errepikapenen kasuetarako are laburragoa da epe hori, 47 egunekoa, hain zuzen ere. Horregatik, balizko hauteskunde horiek urtarrilaren 14an egingo lituzkete, Gabonak pasatu eta gero.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Politika PSOE PP Hauteskunde orokorrak Espainiako Gobernua Eguneko albisteak Albisteak Alberto Núñez Feijóoren adierazpenak