Politika -

Espainiako Gobernua

Espainiako erregeak Feijoo hautatu du inbestidurarako

Nolanahi ere, PPko buruak ez du babes nahikorik presidente izateko. Felipe VI.ak esan du "ohitura" dela alderdi bozkatuenaren hautagaia proposatzea inbestidurarako.

Alberto Nuñez Feijoo (PP) eta Felipe VI.a erregea, Zarzuelan. EFE
Alberto Nuñez Feijoo (PP) eta Felipe VI.a erregea, Zarzuelan. EFE
Espainiako erregeak Feijoo hautatu du inbestidurara joateko, beharrezko babesa izan ez arren

1:29

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Felipe VI.a Espainiako erregeak erabaki du Alberto Nuñez Feijoo (PP) joango dela Espainiako Gobernuko hurrengo presidentea hautatzeko inbestidura-saiora, Diputatuen Kongresuan.

Prentsa-ohar batean, Errege Etxeak justifikatu egin du Feijoo aukeratu izana, "ohitura" delako inbestidura zerrenda bozkatuenaren buruari agintzea: "XI. Legegintzaldian izan ezik, Konstituzioa indarrean sartu zenetik izandako hauteskunde orokor guztietan talde politiko bozkatuenaren hautagaia izan da inbestidurarako proposatutako lehena. Urteek aurrera egin ahala, praktika hori ohitura bilakatu da".

Erregearen erabakia baieztatu eta gero, Feijook eskerrak eman dizkio, eta "aldaketa, egonkortasuna eta moderazioa nahi dituzten 11 milioi herritarren ahotsa" izatea promestu du, X sare sozialean (Twitter ohia) idatzitako mezu batean.

Lehen aldiz, estatuburuak bi hautagairen artean aukeratu behar izan du. Feijook 172 diputaturen babesa izango du (PP, Vox, CC eta UPN). Pedro Sanchez sozialistak, bere aldetik, erregeari esan dio gehiengo osoa lor dezakeela, duela astebete Kongresuko Mahaia kontrolatzea ahalbidetu zion bozketan gertatu bezala.

Felipe VI.ak bilera-sorta egin du egunotan Zarzuelara joan nahi izan duten alderdiekin, eta arratsaldean Francina Armengol Behe Ganberako presidenteari jakinarazi dio Feijoo izango dela inbestidura lortzen saiatuko den lehen hautagaia.

Nolanahi ere, PPren hautagaiak ez du babes nahikorik presidente izateko. Horrenbestez, litekeena da horren inbestidura saiakerak porrot egitea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Politika PSOE PP Espainiako Felipe VI.a Espainiako Gobernua Espainia Eguneko albisteak Albisteak