Politika -
inbestidura
EAJk PSOEren deia jaso du Pedro Sanchezen inbestiduraren inguruan hitz egiteko
Aitor Estebanek esan duenez, oraindik ez dira hitzartu, baina hala egindakoan ere ez du hitzorduaren berri emango. Ildo horretatik, bere asmoa inbestidura lortzea dela gaineratu du, hauteskundeak errepika ez daitezen.
eitb media
Aitor Esteban EAJko Diputatuen Kongresuko bozeramaileak iragarri duenez, gaur, asteartea, PSOEren lehen deia jaso du Pedro Sanchezen inbestidurarako babesa lortzeko.
Hala jakinarazi du EAJko buruzagiak, gaur goizean Radio Euskadiko mikrofonoetan kontrakoa esan ostean. "Eurekin geratuko gara eta hitz egingo dugu", gaineratu du.
Oraindik ez dute hitzordurik finkatu PSOErekin, baina, nolanahi ere, sozialistekin zein beste alderdi politikoekin izan ditzaketen bileren berri ez duela emango zehaztu du.
Estebanen esanetan, hautesleek "guztien artean konpontzen saiatu behar den puzzle bat" jarri diete hauteskundeak errepika ez daitezen. "Horrek, noski, ez du esan nahi emaitza onik ezin daitekeenik lortu", gaineratu du. Ildo horretatik, bere asmoa inbestidura egotea dela esan du, hauteskunde berririk ez egoteko.
Nolanahi ere, jeltzaleek beren programa defendatuko dutela gogorarazi du.