Politika -
U23
EH Bilduk eta EAJk gogorarazi dute Sanchezen inbestidura ez dagoela bermatuta
Mertxe Aizpuruak ohartarazi duenez, Pedro Sanchezen inbestidura baterako "benetako negoziazioa orain hasiko da", eta Aitor Estebanek esan du "neurriz" dagoela baikor Espainiako Gobernuko presidentearen inbestidurak aurrera egiteko aukeraren inguruan.
Agentziak | EITB Media
Gorte Nagusiak eratu diren ostegun honetan (ezkerreko blokeak eta independentismoak PSOEri eman diote Kongresuko presidentetza), EH Bildu eta EAJ ez dira erabat baikor agertu, Sanchezen inbestidura ez baitago oraindik ziurtatuta, gogorarazi dutenez.
Hala, Mertxe Aizpurua EH Bilduren Kongresuko bozeramaileak ohartarazi du Pedro Sanchezen inbestidura baterako "benetako negoziazioa orain" hasiko dela.
EH Bilduk ohartarazi du PSOEk ez duela bere babesa bermatuta gobernua osatzeko, eta Espainiako Gobernuari dagokiola behar dituen babesak lortzen "tematzea". Legegintzaldiaren hasierarekin batera, "etorkizuneko inbestidura baterako elkarrizketaren fase erabakigarria ere hasiko da".
Nolanahi ere, alderdi subiranistak uste du elkar ulertzea "abiapuntu ona" dela Kongresuko Mahaiarentzat, inbestidura "errazteko" hala egin behar baitzen.
Gainera, "euskararen, katalanaren eta galizieraren alde urratsak ematea" ahalbidetuko duten akordioak ospatu dituzte, Behe Ganberan erabili ahal izango baitira hemendik aurrera.
Marra gorririk gabe joango da EH Bildu inbestidurarako negoziaziora, "arduraz eta diskrezioz", gobernu aurrerakoi bat osatzeko asmoz, hori izan baita, taldearen aburuz, hautestontzien agindua.
Bestalde, Aitor Esteban EAJk Diputatuen Kongresuan duen bozeramaileak esan du "neurriz" dagoela baikor Espainiako Gobernuko presidentearen inbestidurak aurrera egiteko aukeraren inguruan, egoera "ez baita batere erraza".
Ohartarazi du Ganberako presidentea 178 diputaturen babesarekin aukeratu izanak ez duela esan nahi "inbestidura egintzat jo behar denik". Hala ere, "datozen asteetan gerta litezkeenei buruzko lasaitasun mezua" eman nahi izan die herritarrei.
EAJko bozeramaileak deitoratu egin du Kongresuko mahaiaren osaketari buruzko lehen negoziazioan alderdi nazionalisten iritzia kontuan hartu ez izana eta "hemizikloaren aniztasuna" ordezkatzen duen inor sartu ez izana.
Lehendakariaren mezua
Iñigo Urkullu lehendakariak nazio aniztasuna aitortzeko eskatu du, eta legegintzaldi honetan horren arabera jokatzeko. Sare sozialetan argitaratutako mezu batean, hasi berri den legegintzaldia "ziurgabea" dela esan du Urkulluk, eta gehitu du elkarrizketa gauzatu beharko litzatekeela "akordioak lortzeko helburuarekin eta hitza betetzeko konpromisoarekin".
"Aurrean ditugun erronkek jarrera positiboa, zintzoa eta eraginkorra eskatzen dute", adierazi du, eta Eusko Jaurlaritzak "etapa honi" aurre egiteko borondateari eusten diola esan du, "aurrera egiteko gizartearen eskaerei eta beharrei erantzuteko aukera emango luketen akordioen alde lan egiteko erabaki irmoarekin".