Politika -
Diputatuen Kongresua
Bloke aurrerakoiak gehiengoa izango du Kongresuko Mahaian, baina talde nazionalistak kanpoan gelditu dira
Francina Armengol sozialista izango da Mahaiko presidentea. PPk lau kide izango ditu (bi presidenteorde eta bi idazkari), PSOEk hiru (presidentea, presidenteorde bat eta idazkari bat) eta Sumarrek bi (presidenteorde bat eta idazkari bat). Talde nazionalistak eta Vox kanpoan gelditu dira.
EITB Media
Espainiako Kongresuko Mahaia osatu da gaur, eta "gehiengo aurrerakoia" izango du, Francina Armengol presidentea (PSOE) buru duela. PPk bi presidenteorde izango ditu, eta PSOEk eta Sumar koalizioak, bana. Aitzitik, Vox Kongresuko Mahaitik kanpo gelditu da.
PPk lau postu izango ditu (bi presidenteorde eta bi idazkari), PSOEk hiru (presidentea, presidenteorde bat eta idazkari bat) eta Sumarrek bi (presidenteorde bat eta idazkari bat).
Armengol Kongresuko presidente aukeratu ondoren, beste bozketa sekretu bat egin dute, lau presidenteordeak izendatzeko. 350 diputatuetako bakoitzak izen bat idatzi behar izan du, eta lau bozkatuenek eskuratu dituzte postu horiek.
Lehen presidenteordea Alfonso Rodriguez de Celis sozialista izango da, 113 boto eskuratuta, eta bigarren presidenteordea, PPko Antonio Bermudez de Castro, 73 boto jasota. Esther Gil (Sumar) eta Marta Gonzalez (PP) hautagaiek 65na boto eskuratu dituzte, eta berdinketa hausteko egin den bigarren bozketan, lehenengoa nagusitu da. Hortaz, Esther Gil izango da hirugarren presidenteordea, eta Marta Gonzalez, ostera, laugarrena.
Biek ala biek lehendabiziko aldia dute Kongresuan; aitzitik, beste biak beteranoak dira Kongresuan.
Ondoren, lau idazkaritzak aukeratu dituzte. Ezkerrak Isaura Leal sozialista eta Gerardo Pisarello En Comuko diputatua proposatu ditu, eta PPk, Guillermo Mariscal eta Carmen Navarro.
Gerardo Pisarello Sumarreko diputatua izango da lehen idazkaria, eta Isaura Leal sozialista, bigarrena. PPko Guillermo Mariscal eta Carmen Navarro, berriz, hirugarren eta laugarren idazkariak izango dira.
Kongresua eratzeko saioa 10:00etan hasi da, bozketak zuzendu dituen Adineko Mahaia izendatuta. Cristina Narbona diputatu zaharrenak bi legebiltzarkide gazteenak izan ditu laguntzaile idazkari lanetan: Ada Santana kanariarra eta Ferran Verdejo kataluniarra (PSOEkoak biak).
350 diputatu hautatuen izenak irakurri ondoren, botoa ematen hasi dira.