Politika -
Gorte Nagusien Osaketa
Pedro Rollan, Senatuko presidente PPren gehiengo osoz
Kongresua eratzeko saioarekin batera egin dute osoko bilkura hau ere. Aurretik, JxCatek eta ERCk akordio bana lortu dute PSOErekin, Francina Armengol sozialista Behe Ganberako presidente izan dadin.
EITB Media
Pedro Rollan hautagai popularra aukeratu dute Senatuko presidente, PPren gehiengo absolutuari esker.
Kongresua eratzeko saioarekin batera egin dute osoko bilkura hau ere. Aurretik, JxCatek eta ERCk akordio bana lortu dute PSOErekin, Francina Armengol sozialista Behe Ganberako presidente izan dadin. 10:00ak pasata hasi da XV. legegintzaldiko Senatua eratzeko saioa.
Hautetsontzi eta boto-paperen bidez egindako hiru bozketa sekretutan egin dute, Ganbera osatzen duten senatariek deituta.
Rollanek (hauteskunde orokorretan senatari bozkatuena) aldeko 142 boto lortu ditu; 114 senatarik (sozialistak, tartean), berriz, boto zuria eman dute.
PPko hautagaiak lortutako 142 botoek gehiengo osoa (130) eman diote. Izan ere, Goi Ganbera osatzen duten 266 senatarietatik 259 baino ez daude izendatuta, zazpi senatari autonomiko izendatzeke baitaude oraindik.
Senatuko Mahaiaren osaketa
PPk eta PSOEk Senatuko Mahaia osatzen duten lau idazkaritzak banatu dituzte, Javier Maroto izango delarik lehen presidenteordea.
Hirugarren eta laugarren idazkaritzak izateaz gain, PSOEk bigarren presidenteordea eskuratu du, Guillermo Fernandez Vara Extremadurako presidente ohia buru duela.
Bozketaren emaitzek Eva Ortiz PPko senatari valentziarrari eman diote lehen idazkaritza, 142 botorekin; bigarrena, berriz, Maria del Mar Blanco Madrilgo parlamentari popularrarentzat izan da, 139 botorekin.
Maria de los Angeles Luna Kordobako PSOEko senataria izango da hirugarren idazkaria, 112 botorekin, eta Francisco Manuel Fajardo Lanzaroteko senatari sozialista, laugarrena, 110 botorekin.
Bestalde, Mahaiko idazkari izateko bosgarren hautagaiak, Angel Pelayo Gordillo Voxeko senatariak, bere senatarien hiru botoak baino ez ditu lortu.