Politika -
Diputatuen Kongresua
Francina Armengol aukeratu dute Kongresuko presidente, Juntsen, ERCren, EH Bilduren eta EAJren babesarekin
PSOEk aurkeztutako hautagaiak aldeko 178 boto jaso ditu lehen bozketan.
EITB Media
Francina Armengol Balearretako presidente ohia aukeratu dute Diputatuen Kongresuko presidente izateko, lehen bozketan eta gehiengo osoarekin (178 boto).
Hainbat taldek babestu dute PSOEren hautagaia Kongresuko Mahaiko presidente izateko. PSOEk (121), Sumar koalizioak (31), EH Bilduk (6), EAJk (5) eta BNGk (1) baietz bozkatu dute, baita Juntsek (7) eta ERCk (7) ere, alderdi bakoitzak PSOErekin Kongresuko Mahaiaren harira akordioa lortu ondotik.
Cuca Gamarra PPren hautagaiak bere alderdiaren (137) eta UPNren (1) eta Coalicion Canariaren (1) botoak lortu ditu: 139, guztira. Voxek, aldiz, Ignacio Gil Lazaro bere hautagaiaren alde egin du (33 boto).
Kongresua eratzeko saioa 10:00etan hasi da, bozketak zuzendu dituen Adineko Mahaia izendatuta. Presidentea diputatu zaharrena izan da, Cristina Narbona ministro ohi sozialista, eta bi legebiltzarkide gazteenak izan ditu laguntzaile idazkari lanetan: Ada Santana kanariarra eta Ferran Verdejo kataluniarra (PSOEkoak biak).
350 diputatu hautatuen izenak irakurri ondoren, Kongresuko Presidentetza hautatu dute, isilpeko bozketaren bidez. Parlamentariek izen bat idatzi dute paper batean, eta gehiengo osoa lortu duen diputatua hautatu dute presidente, lehen bozketan.
Lau presidenteorde eta lau idazkari
Guztira, PPk lau kide izango ditu (bi presidenteorde eta bi idazkari), PSOEk hiru (presidentea, presidenteorde bat eta idazkari bat) eta Sumarrek bi (presidenteorde bat eta idazkari bat). Talde nazionalistak eta Vox kanpoan gelditu dira.
Hauek dira lau presidenteordeak: Alfonso Gomez de Celis (PSOE), Antonio Bermudez de Castro (PP), Marta Gonzalez (PP) eta Esther Gil (Sumar).
Gerardo Pisarello Sumarreko diputatua izango da lehen idazkaria, eta Isaura Leal sozialista, bigarrena. PPko Guillermo Mariscal eta Carmen Navarro, berriz, hirugarren eta laugarren idazkariak izango dira.