Politika -
ELKARRIZKETA RADIO EUSKADIN
Donostiako osasun hiria handitzea "oso albiste ona" da, Eneko Goiaren arabera
Osakidetzak 100 milioi euro inguru inbertituko ditu Donostiako osasun hirian bi instalazio berri eraikitzeko: protoien erradioterapia zentroa (Protonterapia) eta Donostia Ospitaleko kanpo kontsulten eraikin berria.
O. A. | EITB Media
Osakidetzak 100 milioi inguru inbertituko ditu Donostiako osasun hiria handitzeko eta bi eraikin berri eraikitzeko, eta hori "oso albiste ona" da, Eneko Goia Donostiako alkatearen arabera. Bi instalazio horietan, protoien erradioterapia zentroa (Protonterapia) eta Donostia Ospitaleko kanpo kontsulten eraikin berria kokatuko dira.
Ekipamendu berriak Gipuzkoa pabiloiaren eta Onkologikoaren artean dagoen aparkalekuan eraikiko dituzte, eta, hortaz, lur azpiko aparkaleku berri bat egingo dute. Goiak Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan azaldu duenez, lurpeko lau solairu izango ditu, eta lehen helburua osasun hiriari zerbitzua ematea bada ere, disuasio aparkaleku gisa ere erabiliko da.
Atzo, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak Euskadi Irratian iragarri zuen Osakidetzak 100 milioi euro inguru inbertituko dituela bi instalazio berri eraikitzeko. Batetik, protoien erradioterapia zentroa (Protonterapia) egingo da, Onkologiko berriari gehituko zaiona, eta, bestetik, Donostia Ospitaleko kanpo kontsulten eraikin berria, eguneko ospitale bat barne hartuko duena.
Bestalde, Loiolako kuartelen salmentari dagokionez, Goiak adierazi du Espainiako Gobernuak jakinarazi ziola "berehala" izango dela eta jarduneko Gobernuak eramango duela gaia Ministroen Kontseilura. Hori dela eta, ez du baztertzen salmenta irailean gauzatzea.
Bestalde, eta Donostiako Aste Nagusiaren erdialdea igarota, oraingoz ez dela eraso matxistarik izan nabarmendu du, eta jaiak horrela amaitzea espero duela erantsi.