Politika -
Gorte Nagusiak
Feijook Cuca Gamarra proposatu du Kongresuko Mahaiko presidentea izateko
Ziur aski, Javier Maroto eta Mari Mar Blanco senatariak Pedro Rollan buru izango duen Senatuko Mahaian izango dira, PPren gehiengo absolutuari esker.
Agentziak | EITB Media
Alberto Nuñez Feijoo PPko presidenteak iragarri duenez, Cuca Gamarra alderdiko idazkari nagusia izango da Kongresuko Presidentetzarako hautagaia. Bestalde, Pedro Rollan izango da Senatuko presidentea, PPk Goi Ganberan duen gehiengo osoari esker.
Popularren presidenteak Kongresuan iragarri ditu bi hautagaiak, bi talde parlamentarioekin egindako bileran, Gorte Nagusiak osatzeko ordu batzuk falta direnean. Izan ere, diputatuek ostegun honetan bozkatuko dituzte XV. Legegintzaldirako Mahaiko kideak.
Popularren buruzagiak aurreratu duenez, PP Gamarra Estatuko hirugarren agintari gisa kokatzen saiatuko da, eta Francina Armengol sozialistarekin lehiatu beharko du.
Gainera, Kongresuko Mahairako, Marta Gonzalez, Jose Antonio Bermudez de Castro, Guillermo Mariscal eta Carmen Navarro diputatuak proposatu ditu. Senatuaren kasuan, Javier Maroto orain arteko bozeramailea, Eva Ortiz eta Marimar Blanco izango dira Mahaiko kideak, gehiengo osoaz baliatuta.
Bere hitzaldian, Feijook hauteskundeak "irabazi" dituela errepikatu du, zerrenda bozkatuena baita, eta erregeak alderdi nagusiaren hautagai gisa proposatzea espero du. "Ez dut zalantzarik erregeak beti egin duen bezala jokatuko duela, legearen arabera, bere eskumen konstituzionalak erabiliz eta Espainiaren eta espainiarren zerbitzura", adierazi du.
Gainera, "benetako blokeoa" eta "azken legegintzaldian baino ahulagoa eta zatituagoa den gobernu bat" izateko "arriskuaz" ohartarazi du. Kontrara, "politika erabilgarria, lasaia eta serioa" eskaini du.