Politika -
Diputatuen Kongresua
Gorte Nagusiak osatzeko saioa jarraitzeko gida
Kongresuko Mahaiaren osaketa airean dago oraindik.
Agentziak | EITB Media
Gaur osatuko dira Gorte Nagusiak uztailaren 23ko hauteskundeetako emaitzak oinarri hartuta. Hala, Kongresuko Mahaia hautatuko dute, Diputatuen Kongresuko organo zuzentzailea.
Azken asteotan, alderdiak negoziazioetan murgildu dira, Espainiako erregearen eta Espainiako Gobernuko presidentearen atzetik Estatuko hirugarren agintari nagusia izango dena hautatzeko, baina guztiek ez dute argibiderik eman egun honetarako duten boto-asmoari buruz.
Kongresua eratzeko saioa 10:00etan hasiko da, bozketak zuzenduko dituen Adineko Mahaia izendatuta. Presidentea diputatu zaharrena izango da, Cristina Narbona ministro ohi sozialista, eta bi legebiltzarkide gazteenak izango ditu laguntzaile idazkari lanetan: Ada Santana kanariarra eta Ferran Verdejo kataluniarra (PSOEkoak biak).
350 diputatu hautatuen izenak irakurri ondoren, Kongresuko Presidentetza hautatuko da, isilpeko bozketaren bidez. Parlamentariek izen bat idatziko dute paper batean, eta gehiengo osoa lortzen duen diputatua hautatuko dute presidente, edo, bestela, bozketa errepikatuko da, eta bigarren horretan nahikoa izango da gehiago sinplea.
PSOEk Francina Armengol Balearretako presidente ohia proposatuko du Diputatuen Kongresuko presidente izateko. Hainbat taldek babestu dute PSOEren proposamena; Sumar koalizioak eta BNG alderdiak baietz bozkatuko dute, baita, ziur aski, EAJk, EH Bilduk eta ERCk ere, baina sozialistak oraindik Junts alderdiaren zain daude.
Junts eta Coalicion Canariaren zain
Kongresua osatu baino minutu batzuk lehenago ezagutuko da Juntsen erabakia, gehiengo hori lortzeko ezinbestekoa izango dena. 08:00etatik, JxCat bilduta dago telematikoki, taldeko zazpi diputatuen botoen norabidea erabakitzeko. Nacio kazeta digitalaren arabera, Juntsek abstenitzeko edo boto baliogabea emateko aukerak izango ditu mahai gainean, baina ez sozialistaren alde bozkatzea. Bere sare sozialetan argitaratutako mezu batean, Carles Puigdemont Generalitateko presidente ohi eta Junts alderdiko eurodiputatuak asteazkenean adierazi du Juntsen jarrera ez dela aldatu, presioak gorabehera.
EH Bilduk (6 ordezkari) ez du interes berezirik Kongresuko Mahaian parte hartzeko, eta aurreko legealdian ez zuen batzordeburu bat ere eskatu. Edonola ere, Mahaiak gehiengo aurrerakoia izatea eta PPk eta Voxek ez kontrolatzea nahi du. EAJrentzat ere (5 diputatu) hobe da batzorde bateko buru izatea Mahaian postu bat betetzea baino.
Bestalde, Nestor Rego Bloke Nazionalista Galiziarra (BNG) alderdiko diputatu hautetsiak Kongresuko presidente izateko hautagai sozialistaren alde bozkatuko duela berretsi du. Halaber, ERCk eta Juntsek talde parlamentario propioa izatea babestu du, horrela Talde Mistoa "arindu" egingo litzatekeelako.
ERCren aburuz, Mahaia PSOEk zuzendu behar du, Kataluniako agendan aurrera egiteko bidea dela uste baitu, baina talde parlamentario propioa izatea eskatu du trukean. Hala ere, azken orduetan azpimarratu du PSOErekin akordiorik ez dagoela, eta bere botoak ziurtzat ematea "ausarkeria" litzatekeela ohartarazi du.
Pilar Alegria PSOEko bozeramaileak asteartean esan zuen Kongresuko Mahaiak uztailaren 23ko hauteskundeen gehiengo "aurrerakoia" islatu behar duela, eta "zuhurtzia eta elkarrizketa" eskatu zituen. Bitartean, Enrique Santiago diputatu hautatua (Sumar) Kongresuko Mahaian indar nazionalistak egotearen alde agertu zen Radio Euskadin egindako adierazpenetan.
PPk Cuca Gamarra idazkari nagusia aurkeztuko du, PPren (133), Voxen (33) eta UPNren (1) babesa bermatuta (171 boto, guztira). Cristina Valido Coalicion Canariako diputatu bakarra ere erabakigarria izango da alderdi ezkertiar eta nazionalistek Juntseko parlamentariak (8) abstenitzea lortzen badute.
Ondoren, beste bozketa sekretu baten bitartez, lau presidenteordeak izendatuko dituzte. Diputatu bakoitzak izen bakarra idatz dezake, eta lau bozkatuenek eskuratuko dituzte postu horiek.
Ezkerrak dagoeneko iragarri ditu bere bi hautagaiak (Alfonso Rodriguez Gomez de Celis sozialista eta Esther Gil Sumarreko diputatua), eta PPk beste bi izen proposatu ditu (Marta Gonzalez eta Jose Antonio Bermudez de Castro). Voxek lau plazetako bat eskatu zien popularrei.
Gauzak horrela, Vox eta Sumar, esaterako, presidenteordetzarik gabe gera daiteke, eskuinak lehian dauden lau postuetatik hiru eskuratzen baditu.
Egoera hurrengo bozketan errepikatuko da, lau idazkaritzak aukeratzeko. Ezkerrak Isaura Leal sozialista eta Gerardo Pisarello En Comuko diputatua proposatu ditu, eta PPk, Guillermo Mariscal eta Carmen Navarro.
Senatua
Bestalde, Senatuaren XV. Legegintzaldia Goi Ganbera osatzen duten 265 senatarietatik 259k osatuko dute; izan ere, Murtzian, Aragoin, Asturiasen, Errioxan eta Nafarroan sei parlamentari izendatzeke daude oraindik, hilaren 28ko hauteskunde autonomikoen ondoren.
Hori dela eta, gehiengo osoa 130 senatariraino jaitsiko da legegintzaldi honetako lehen osoko bilkuran, baina PPren gehiengo osoa ez dago arriskuan, uztailaren 23ko hauteskundeetan 120 senatari hautetsi lortu baitzituen, eta horiei gainerako erkidegoek izendatutako 21 parlamentariak erantsiz gero, 141 eserleku izango ditu.
Lehen bozketan, popularrek euren gehiengo osoa baliatuko dute Senatuko Presidentetza bereganatzeko. Pedro Rollanek hartuko du ardura hori.