Politika -
Etxebizitza
Estatuko etxebizitza legearen aurka jotzea erabaki du orain ERCk, "eskuduntzak urratzen" dituela argudiatuta
Estatutu Bermeen Kontseiluaren txosten bati men egin diote errepublikanoek; horren arabera, arauak Generalitatearen eskumenak urratzen ditu. Konstituzio Auzitegira jotzearen alde bozkatuko dute irailean ERCk eta Juntsek, nork bere proposamena eginda (boto gehien biltzen dituena aterako da aurrera).
Agentziak | EITB Media
Junts per Catalunyak (JxCat) aurrez egin zuen bezala, ERCk ere Estatuko etxebizitza legearen aurkako helegitea aurkeztea proposatuko du Auzitegi Konstituzionalean, arauak "Kataluniako autogobernuaren hainbat eskuduntza urratzen dituela eta". Kontua da ERCk berak, EH Bildurekin batera, legearen alde egin zuela apirilean, eta horien botoei esker onartu zela.
Estatutu Bermeen Kontseiluak egindako txosten bat oinarri hartuta hartu du erabakia ERCk. Juntsek eskatuta egindako azterketa horren arabera, Estatuko legearen hainbat artikuluk eta xedapenek "Generalitateak etxebizitza alorrean duen eskumen esklusiboa urratzen dute".
Hala, Auzitegi Konstituzionalera jotzea proposatu du ERCk, eta Kontseiluak emandako gomendioak hitzez hitz jarraituko dituen proposamen bat aurkeztuko du, batetik, Generalitateak berezko dituen eskuduntzak babesteko, eta, bestetik, "etxebizitza legearen mamiari eusteko, aurrerapen oso garrantzitsu eta beharrekoak baititu bere baitan".
Guztira, Etxebizitza Eskubidearen aldeko Legearen bost artikuluren eta zazpigarren xedapenaren aurka egitea proposatuko du. Dena dela, apirilean onartutako legearen balioa goretsi du, "alokairuaren prezioak mugatu zituelako eta espekulazioari eta abusuzko praktikei balazta jarri zielako".
Juntsek, bestalde, zortzi artikuluren, bi xedapen iragankorren eta zazpigarren xedapenaren kontrako helegitea defendatuko du.
Biek ala biek helegitea aurkeztearen alde bozkatuko dute irailaren 1ean egingo duten osoko bilkuran. Boto gehien biltzen dituen proposamena eramango dute Auzitegi Konstituzionalera.
EAJk EH Bilduri galdera
ERCren jarrera aldaketa hori baliatuta, EH Bilduri (ERCren bazkidea da Kongresuan) zuzendu zaio EAJ, eta itauna egin: "Zer egingo du orain EH Bilduk? Barkamena eskatu eta esandakoa zuzendu... edo beste prentsaurreko bat deitu bazkide deritzotena ere iraintzeko?". Izan ere, Jaurlaritzak Estatuko legearen kontrako helegitea aurkeztuko zuela iragarri ostean, koalizio subiranistak oso gogor egin zuen jeltzaleen kontra, errekurtsoaren atzean "arrazoi ideologikoak" daudela salatuta, ez eskumen arlokoak.