Politika -
U23
Madrilgo boto baliogabeak ez berrikusteak Konstituzioa urratzen du, PSOEk argudiatu duenez
Madrilgo Hauteskunde Batzordearen ezetza jaso ostean, Batzorde Zentralean helegitea aurkeztu dute sozialistek. Horien arabera, berrikustea "posible da" kopurua ez delako "zentzugabea", eta ez egiteak Konstituzioaren 23. artikuluan jasotako partehartze politikorako eskubidea urratzen du.
Agentziak | EITB Media
Uztailaren 23ko hauteskunde orokorretan Madrilen izandako 30.303 boto baliogabeak ez berrikustea parte-hartze politikorako oinarrizko eskubidea urratzea da, PSOEk Hauteskunde Batzorde Zentralean aurkeztu duen helegitean argudiatu duenez.
Madrilgo Hauteskunde Batzordeak botook berrikusteko eskaera baztertu ostean, Batzorde Zentralera jo zuten atzo sozialistek, eta erakundeak bihar aztertuko du helegitea. Aurkeztutako idatzian PSOEk argudiatu duenez, berrikustea "posible da", berriz zenbatu beharreko botoen portzentajea ez delako "zentzugabea edo ezinezkoa". "100 botoko 4 pasatxo baino ez dira", erantsi dute.
Boto baliogabeen zati bat bakarrik berrikusi beharrean (hala egitea agindu zuen Madrilgo Batzordeak), boto guztiak berrikusi behar direla uste du PSOEk, eta ez egiteak Espainiako Konstituzioaren 23. artikuluan jasotako parte-hartze politikorako oinarrizko eskubidea urratzen du. "Hori da gure sistema demokratikoaren funtsa, herritarrek hauteslekuetan adierazitako borondatea errespetatzea", azaldu du.
Sozialisten aburuz, "Madrilgo 11. diputatua lortzeko PSOEk behar dituen boto-kopuru txikia da, hauteskunde-mahaietako aktetan adierazitako boto baliogabeari dagokionez, hautetsontzian boto baliogabe guztiak berrikusteak duen garrantzia eta izan dezakeen eragina egiaztatzen duena, esleipenaren aldaketa ekar dezakeena".