Politika -

ELKARRIZKETA RADIO EUSKADIN

Orain zerga sistemari aldaketak proposatu behar dizkiotenak alderdi politikoak direla esan du Eider Mendozak

Balizko zerga erreformarako egutegirik zehaztu gabe, aldaketak hotzean egin behar direla azpimarratu du Gipuzkoako ahaldun nagusiak, hurrengo ekitaldietan eragina dutelako.

Eider Mendoza Radio Euskadin
Eider Mendoza Radio Euskadin
Eider Mendoza Radio Euskadin

O. A. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiaren iritziz, gaur egun lurraldean indarrean dagoen zerga politikak "oso ondo" funtzionatu du iragan legegintzaldian, diru bilketan inoizko daturik onenak lortu baitira. Ildo horretan, eta zerga erreformarako egutegirik zehaztu gabe, gaineratu du hemendik aurrera alderdi politikoek proposatu beharko dizkiotela sistemari aldaketak.

Horren esanetan, zerga politikari dagozkion aldaketak "hotzean" egin behar dira, ez beroan, hurrengo ekitaldietan eragina dutelako. 

Radio Euskadiko "Boulevard" saioari eskainitako elkarrizketan adierazi duenez, duela hilabete eta erdi hasitako legegintzaldian beharrezkoa izango da hainbat alderdi politiko ados jartzea, bai fiskalitatean eta baita beste zenbait alorretan ere. Horren harian, akordioak lortzeko "ikuspegi zabala" izateko eskatu die Gipuzkoako Batzar Nagusietan ordezkaritza duten alderdiei. Edonola ere, orain arte ez duela kontrako jarrerarik ikusi azpimarratu du.

Uztailaren 23ko hauteskunde orokorrak hizpide, "hauteskundeak errepikatzea Sanchez jaunaren porrota" izango litzatekeela, eta balizko inbestidura batera "bermeekin" iritsi ahal izateko, presidentegai sozialistak "lan handia" duela aurretik esan du Mendozak.

Bestalde, tasa turistikoari buruz ere galdetu diote. Izan ere, Euskadiko Turismo Mahaiak lan batzorde bat sortu du, Eusko Legebiltzarrak eskatuta, tasa turistikoa abiatu ala ez aztertzeko. Mendozaren arabera, "albiste ona" da, ez aldundiek eta ezta Batzar Nagusiek ere ez dutelako tasa turistikoa ezartzeko eskumenik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Gipuzkoa Eguneko albisteak Albisteak Gastu publikoa Gipuzkoako Foru Aldundia Eider Mendoza