Politika -

Elkarrizketa Radio Euskadin

Iturgaizek ziurtzat jo du Sanchezen "bigarren Frankenstein gobernua", zer eta "iheslari" batekin adostua

EAEko PPren presidenteak ohartarazpena egin dio EAJri, horrek Feijoren inbestidura negoziatzeko emandako ezezkoaren ostean. Nabarmendu duenez, popularrak gako dira Durangoko Udalean edo Gipuzkoako Aldundian. "Bidean egingo dugu topo", gaineratu du.

Iturgaiz, Radio Euskadiren estudioetan, gaur. Argazkia: EITB Media
Iturgaiz, Radio Euskadiren estudioetan, gaur.
Iturgaiz, Radio Euskadiren estudioetan, gaur. Argazkia: EITB Media

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Zail du", aitortu du Carlos Iturgaiz EAEko PPren buruak Alberto Nuñez Feijoo alderdikideak inbestidurarako dituen aukerez. Izan ere, horren ustez, ziurra da Pedro Sanchez sozialistak "bigarren Frankenstein gobernua" eskuratuko duela. "Justiziaren iheslari batekin, gaizkile batekin egingo du, gainera", esan du Carles Puigdemonti erreferentzia eginda —Junts alderdia ezinbestekoa da gehiengoa bermatzeko—. 

Bestalde, Feijoorekin negoziatzeko EAJk emandako ezetzak ondoriorik izango ote duen galdetuta, legebiltzarkide ere badenak gogorarazi du PPren botoei esker lortu zituela EAJk hainbat alkatetza (Durango eta Getxo esaterako) eta Gipuzkoako Foru Aldundia. Iturgaizen arabera, ezberdindu beharra dago erakunde horien osaketa eta "egunerokoa". "Guk esaten genuena bete genuen, eta Bildu erakundeetatik atera genuen", azaldu du. Orain, baina, "negoziatu" beharko dutela azpimarratu die jeltzaleei. "Bidean egingo dugu topo", ohartarazi du. 

Iturgaizek PPk azken bi hauteskundeetan izandako emaitzen balorazioa egin du Radio Euskadiko "Boulervard" saioan egin dioten elkarrizketan. U23an "igoera" izan zutela nabarmendu du, Bizkaitik eta Arabatik eserleku bana lortuta Kongresuan. Halaber, maiatzean ere gora egin zutela gogorarazi du: "Zinegotzi kopuruan zein botoetan % 30 egin genuen gora". Testuinguru horretan, gogoeta egin du: "Duela hiru urte Euskadiko PPren egoera traumatikoa zen, eta batzuek esan zuten alderdi moduan desagertuko ginela. Alderdia batu eta zabaldu dugu. Igotzea zen helburua eta hori egiten ari gara. Gehiago lor genezakeela? Ba horretan jarraituko dugu". 

Azkenik, Maria Chivite Nafarroako presidente izango dela iragarri du. "PSNren eta Bilduren arteko aliantza bat ikusiko dugu. Aurrena, mahai gainean egiten dituzten itunak ikusiko ditugu, eta gero, mahaiaren azpikoak", adierazi du. 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV PP Hauteskunde orokorrak Pedro Sánchez argazkiak Euskadiko PP Eguneko albisteak Albisteak Hauteskundeak Puigdemont azken ordukoa Carlos Iturgaiz Alberto Núñez Feijóo Junts per Catalunya gaur