Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Ortuzarrek "planteamendu orokorra" eskatu dio Sanchezi babesaren truke, "inbestidura ituna ez da nahikoa"
Hautagai sozialistari abertzaleekin eta katalanekin negoziatzeko deia egin dio EAJren EBBko presidenteak. Horren ustez, "eskuina geldiarazita dago, eta EAJk jarri dio balazta" eta "bigarrenez, Sanchez salbatu duen kanpaia gurea da". Jeltzaleek M28ko emaitzen autokritika egin dutela erantsi du.
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Andoni Ortuzar EAJren Euzko Buru Batzarreko (EBB) presidenteak dei zuzena egin dio Pedro Sanchez hautagai sozialista eta Espainiako jarduneko presidenteari abertzaleekin eta katalanekin negoziatzen has dadin, eta datozen lau urteetarako "planteamendu orokorra" egiteko eskatu dio, bereziki "Euskadiko eta Kataluniako errealitate nazionalek Estatuan izango duten lekua" zehaztuta. Izan ere, horren aburuz, "inbestidura baterako akordio soila jada ez da nahikoa".
"Auzia orain ez da eskuina geldiaraztea, eskuina geldituta dago, eta EAJk gelditu du", arrazoitu du. Hala, nabarmendu duenez, orain kontua da jakitea "zer borondate politiko" erakutsiko duen Sanchezek behar duen babesa eskuratzeko.
U23aren ondorenak aztertu ditu Ortuzarrek Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egin dioten elkarrizketan. Jeltzalearen hitzetan, EAJ "boto baliagarriaren biktima izan da, batez ere PSE-EEk eskuratu duena". Azpimarratu duenez, boto-emaileek Voxen beldur jardun dute, "Euskadin Espainiako eskuinaren kontrako pultsio ikaragarria dago eta". Dena dela, zehaztu du EAJ izan dela Alberto Nuñez Feijooren inbestidura "zapuztu" duena.
Astelehenean PPren buruzagiarekin izan zuen elkarrizketaz galdetuta, azaldu du "oso argia" izan zela euren ezezkoa emateko orduan. EAJ Voxekin "bateraezina" dela eta PPren programa jeltzaleen asmoen kontrakoa dela azpimarratu omen zion.
Bestalde, aitortu du M28ko Udal eta Foru Hauteskundeetan izandako abstentzioarekin "kezkatuta" geratu zirela, baina nabarmendu duenez, EAJk autokritika egin du, eta "estrategia politiko berria du etxean geratu ziren horien botoak berriro bereganatzeko".