Politika -
Alderdi laranja
Ciudadanosek PPrekin osatzen zuen taldea utzi du Legebiltzarrean, eta talde mistora igaro da
Hain zuzen ere, Ciudadanos (Cs) Euskadiko presidente Jose Manuel Gilek PP+Cs taldea utzi du. Luis Gordillo alderdikide ohiak, aldiz, Ciudadanos utzi eta PPn sartzea erabaki zuen legealdiaren erdialdean.
Agentziak | EITB Media
Jose Manuel Gil Ciudadanos (Cs) Euskadiko presidenteak PP+Cs taldea utzi du, eta Eusko Legebiltzarreko talde mistora igaro da. Bertan, Amaia Martinez Vox eskuin muturreko alderdiko ordezkariarekin izango da.
Alderdi laranjak ohar batean azaldu duenez, erabaki horrekin Euskadin ere "aurrez-aurreko blokeen egungo egoera gaindituko duen zentro aurrerakoi eta liberaleko gune bat berreraikitzeko" lan egin nahi du.
Gilek "hizkuntza-askatasuna, hezkuntza-kalitatea, osasun mentala, gazteen enplegua edo administrazioaren modernizazioa" defendatzen jarraituko du.
Luis Gordillo alderdikide ohiak, ostera, Ciudadanos utzi eta PPn sartzea erabaki zuen legealdiaren erdialdean, eta, beraz, Alderdi Popularrarekin batera jarraituko du taldean. PP sei legebiltzarkide izatetik bost izatera igaro da.
Carmelo Barrio PPko ordezkariak "legebiltzarkide gisa duen autonomiaren" barruan kokatu du Gilen erabakia, eta errespetatu egin du, Ganberan popularrentzat aldaketa handirik ekarriko ez duela adierazi ostean, PPko legebiltzarkideek Ciudadanoseko presidenteak zituen zereginak bere gain hartzea izan ezik, hezkuntzarekin zerikusia duten gaien kasuan, esaterako.