Politika -

U23

Pedro Sanchez buru duen balizko gehiengo baten inguruan kontuak egin dituzte euskal alderdiek

Hala, indar politikoak gehiengo horren baldintzak eta inguruabarrak aztertzen ari dira, Euskadiko PPren salbuespen nabarmenarekin, bere buruzagiak Espainiako Gobernuaren buru izan behar duela aldarrikatzen baitu.

Pedro Sanchez PSOEko buruzagia, hauteskunde gauan. Argazkia: EFE
Pedro Sanchez PSOEko buruzagia, hauteskunde gauan. Argazkia: EFE
Pedro Sanchez PSOEko buruzagia, hauteskunde gauan. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskadiko alderdiek kontuak egin dituzte Pedro Sanchez buru duen balizko gehiengo baten inguruan. Izan ere, gehiengo horren baldintzak eta inguruabarrak aztertzen ari dira, Euskadiko PPren salbuespenarekin, Alberto Nuñez Feijoo PPko buruzagiak hauteskundeak irabazi ondoren Espainiako Gobernuko presidente izan behar duela aldarrikatzen baitu.

EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk euren zuzendaritzak bildu dituzte gaur, hauteskundeetako emaitzak aztertzeko. Euskadin sozialistek garaipena lortu zuten, EAJren eta EH Bilduren gainetik. Hala ere, bosna diputatu erdietsi zituzten hirurek. PPk, berriz, eserleku bat igotzea lortu zuen, eta bi ordezkari eskuratu zituen, eta Sumarrek bakarra.

Itxaso Atutxa EAJren Bizkaiko presidenteak adierazi duenez, emaitza horiek direla eta, PSOEk "erabaki estrategikoak hartu behar ditu Euskadirentzat eta Kataluniarentzat", Espainian gobernatzeko gehiengo nahikoa izan nahi badu.

Jeltzaleek inbestiduran izango duten paperaren inguruan, Atutxak esan du "EAJk beti izan duenaren antzeko papera" izango duela. Ez du Nuñez Feijoo babesteko aukerari buruz hitz egin, gaur PPko buruzagia jeltzaleekin harremanetan jarri baita balizko babes bat aztertzeko.

Zentzu horretan, EAJk uko egin dio arratsaldean Feijooren inbestidurari, "operazio honetarako" Vox beharko lukeelako, eta berretsi du PPren buruak "marra gorria" zeharkatu duela Santiago Abascalen alderdia "erakundeetan sartzean".

Alderdi jeltzaleko iturriek adierazi dutenez, PPko eta EAJko buruzagiek ez dute hitz egin eta ez dute "ezer adostu", eta azken asteetan errepikatu duena berretsi dute. "Vox erakundeetan sartzean marra gorri bat zeharkatu du Feijook", azpimarratu dute.

Bestalde, EH Bilduk argi utzi du euskal herritarren agindua PPren eta Voxen "gobernu erreakzionario" bati bidea ixtea izan dela. Ohi bezala, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak agerraldia egin du alderdiaren Mahai Politikoaren bileraren ostean, eta ziurtatu du ez dutela "espekulatuko" eta PPren eta Voxen gobernua saihesteko bozkatuko dutela.

Otegik esan du aurreko legealdian ireki zen "aukera-leihoak zabalik" jarraitzen duela, baina onartu du "zaila" dela, "aritmetika dena delako".

PSE-EEk Zuzendaritza Batzorde bildu du arratsaldean, eta Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiaren helburua babestu du: "Espainian gobernu aurrerakoia" osatzea.

Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusia pozik agertu da bart Euskadin hauteskundeak irabazi izanagatik, eta emaitza horrek baieztatu egin du sozialisten aukera "politika aurrerakoiak gidatzeko eta eskuina eta ultraeskuina geldiarazteko onena" dela.

Lander Martinez Sumarreko diputatu bakarra izendatu zuten Euskadiko hautesleek, eta, haren ustez, orain "garrantzitsuena da PSOErekin koalizio-gobernua berresteko lan egitea", hori baita Yolanda Diaz buru duen indar politikoaren lehentasuna.

Bere ustez, "herritarrak oso argiak izan dira eta gobernu aurrerakoia eskatu dute, eta orain posible egitea dagokigu".

Alderdi guzti horiek Sanchezen inguruan gehiengoa osatzeko aukerei buruz hitz egin duten bitartean, Laura Garrido Euskadiko PPko idazkari nagusiak adierazi du herritarren borondatea errespetatu behar dela, "aldaketa bozkatu baitute".

Bere ustez, Alberto Nuñez Feijoo bere alderdiko hautagaiak hauteskundeak irabazi ondoren gobernatu ahal izateko "formula egingarria" PSOEk abstentzioaren bidez hori erraztea da.

Horren harira, Javier Esparza UPNko presidenteak Feijoori jakinarazi dio erregionalistak prest daudela inbestidurari begira babesa emateko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV UPN Hauteskunde orokorrak EH Bildu PSE-EE Euskadiko PP Eguneko albisteak Albisteak Sumar Mugimendua