Politika -
Katalunia
Clara Ponsati aske, deklaratzeari uko egin ostean
Kontseilari ohi eta Juntseko eurodiputatuak azaldu duenez, bere abokatuaren gomendioz, ez die Pablo Llarena Auzitegi Goreneko instruktoreak Bartzelonako guardiako epaileari igorritako galderei erantzun.
Agentziak | EITB Media
Clara Ponsati kontseilari ohi eta Junts alderdiko eurodiputatua 14:49an atera da aske Bartzelonako Justizia Hiritik, gaur atxilotu eta deklaratzeari uko egin ostean.
Ciutat de la Justiciatik irtetean kazetariek egindako galderei erantzunez, Ponsatik azaldu du, bere abokatuaren gomendioz, ez diela erantzun Pablo Llarena Auzitegi Goreneko instruktoreak Bartzelonako guardiako epaileari igorritako galderei.
15 pertsona inguruk Ponsati hartu dute kanpoaldean, tartean, Aleix Sarri (Junts), Carles Riera CUPeko diputatua eta Dolors Feliu ANCko presidenteak. Ponsatik taxian alde egin du.
Laura Borras Junts koalizioko presidenteak "Pedro Sanchezek baino lehen fitxa mugitzea" leporatu die auzitegiei, kontseilari ohiaren atxiloketaren ostean.
Marta Vilalta ERCko idazkari nagusiaren ondokoak eta bozeramaileak "kanpainan sartzea" leporatu dio Fiskaltzari, "behin kanpaina amaituta" dagoenean.
Salvador Illa PSCko lehen idazkariak, ostera, zuzenbide-estatua errespetatzea defendatu du. "Demokrazia ororen giltzarria zuzenbide-estatua errespetatzea da", erantzun du Illak prentsaurreko batean.
Azkenik, Pablo Echenique Unidas Podemosek Kongresuan duen bozeramaileak Junts eurodiputatuaren atxiloketa kritikatu du, "epaileen talde parlamentarioa Alberto Nuñez Feijooren inbestiduraren aldeko botoa iragartzen" ari dela aldarrikatuta.