Politika -

Katalunia

Puigdemonten eta Cominen aurkako euroaginduak berraktibatzeko eskatu dio Fiskaltzak Llarena epaileari

Europako Auzitegi Orokorrak uztailean eurodiputatu gisa zuten immunitatea kendu ondotik iritsi da Proces auziko fiskalen erabakia. Horrela, Auzitegi Gorenari bidea eman diote euroaginduak berraktibatzeko.

Puigdemont eta Comin Europako Parlamentuan. Artxiboko argazkia: EFE
Puigdemont eta Comin Europako Parlamentuan. Artxiboko argazkia: EFE
Puigdemont eta Comin Europako Parlamentuan. Artxiboko argazkia: EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Fiskaltzak Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohiaren eta Toni Comin kontseilari ohiaren aurkako euroaginduak berriz martxan jartzeko eskatu dio Pablo Llarena procesaren instruktoreari, Belgikatik Espainiara eraman ditzaten. Asmoa, 2017ko urriaren 1eko legez kanpoko erreferendumarengatik haien kontrako prozedura penalarekin jarraitzea da.

Proces auziko fiskalek erabaki hori hartu dute Europako Auzitegi Orokorrak duela aste batzuk eurodiputatuei immunitatea kendu ondotik. Horrela, Auzitegi Gorenari bidea eman diote euroaginduak berraktibatzeko.

Euroaginduez gain, Fiskaltzak biak bilatzeko eta atxilotzeko nazioarteko agindua ematea eskatu du, estradizio eskaera izapidetu beharko balitz ere.

Hain justu Juntseko burua Espainiaren etorkizuneko gobernagarritasunerako funtsezko pieza bihurtu eta ordu gutxira hartu du erabakia Fiskaltzak, Kataluniako alderdiko zazpi diputatuen abstentzioa ezinbestekoa baita Pedro Sanchezen balizko inbestidurarako.

Iragarpena egin eta minutu gutxira, Puigdemontek bere Twitter kontuan ondorengoa esan du: "Egun batean erabakigarria zara Espainiako gobernu bat osatzeko, eta hurrengo egunean Espainiak zure atxiloketa agintzen du".

Goizean, berriz, Clara Ponsati JxCateko eurodiputatua atxilotu dute Bartzelonan, Kataluniako hiriburuan zegoela iragarri eta ordu batzuetara, Pablo Llarena Auzitegi Goreneko epaileak, Kataluniako prozesuaren harira, desobeditzeagatik auzipetu dutela jakinarazteko agindua eman ostean.

Ponsati Bartzelonako Justizia jauregira eraman dute deklarazioa hartzeko. Eurodiputatuak berak iragarri du Twitterren atxilotu dutela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Auzitegi Gorena Eguneko albisteak Albisteak Carles Puigdemont Kataluniako prozesua zuzenean Junts per Catalunya gaur