Politika -
U23
PP eta Vox gehiengo osotik urruti geratu dira, eta Sanchezek gobernu aurrerakoia gidatzen jarrai dezake
Alberto Nuñez Feijoo popularrak irabazi ditu hauteskunde orokorrak, baina presidente izateko aukerarik ez du ia. Bere aldetik, Sanchezek eutsi egin dio eta presidente izaten jarraitzeko aukera dauka. Junts Per Catalunya alderdiaren esku legoke giltza.
IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA
Irabazi bai, baina ez uste bezain erraz. PP izan da alderdi bozkatuena igande honetako Espainiako Gorteetarako Hauteskundeetan, botoen % 33,01ekin 136 eserleku eskuratuta, orain lau urteko bozketan baino 47 gehiago. Emaitza horiekin, oso zail izango du Alberto Nuñez Feijook presidente kargura iristea, eskuineko blokeak ez baitu horretarako gehiengoa ahalbidetzen.
Bigarren postuan PSOE geratu da, botoen % 31,7 eta 122 eserlekurekin, aurrekoetan baino bi gehiago, eta Vox hirugarren, 33 diputaturekin, aurreko legealdian baino 19 gutxiago. Sumar Mugimendua, berriz, laugarren lekuan geratu da, 31kin, Unidas Podemosek 2019an eskuratu zituenak baino 7 gutxiago.
Halaber, ERC izan da eguneko beste protagonistetako bat, Kongresuan azken lau urteotan izan duen ordezkaritza ia erdira jaitsiko duelako: 13 diputatu izatetik 6 izatera igaroko da alderdi kataluniarra.
Mapa politiko berriak atzera berriz blokeoaren mamua ekar dezake mahai gainera. Izan ere, eskuineko blokeak ez du gehiengoa lortu; PPk eta Voxek 169 diputatu batzen dituzte, gehiengo osorako behar diren 176tik urruti, baina ezkerreko blokeak ere inbestidurako alderdiekin bakarrik ezingo luke. Junts Per Catalunyaren babesa beharko luke, nahi eta nahi ez.
Hauek dira emaitzak:
PP: 136 eserleku (+47)
PSOE: 122 eserleku (+2)
Vox: 33 eserleku (-19)
Sumar: 31 eserleku (-7)
Junts Per Catalunya: 7 eserleku (-1)
ERC: 7 eserleku (-6)
EH Bildu: 6 eserleku (+1)
EAJ: 5 eserleku (-1)
BNG: eserleku 1
UPN: eserleku 1
Coalicion Canaria: eserleku 1
Parte-hartzea % 70,18koa izan da, 2019ko azaroaren 10eko bozketan baino ia lau puntu gehiago.
Hego Euskal Herria
EAEn, PSE-EEk irabazi ditu hauteskunde orokorrak boto kopuruari dagokionez, % 25,28 eskuratuta. Bigarren lekuan EAJ gelditu da, botoen % 24,02rekin, baina oso gertu dauka EH Bildu, hirugarren postuan, % 23,95arekin. Modu horretan, diputatu kopuruan berdinduta geratu dira hiru alderdiok: bosna eskuratu dituzte. PPk bi ordezkari lortu ditu eta Sumarrek bat.
Nafarroan, berriz, PSNk irabazi ditu hauteskundeak. Sozialistek bi diputatu lortu dituzte, eta PPk, EH Bilduk eta UPNk bana.