Politika -
U23
PPk irabaziko lituzke hauteskundeak, eta gehiengo osoaren atarian geratuko litzateke Voxekin batera
Bi alderdi eskuindarrek 169 eta 177 diputatu artean lortuko lituzkete, eta egungo koalizio gobernuak eta horren ohiko aliatuek, ordea, 162 eta 172 artean.
eitb media
PP izango litzateke indar bozkatuena hauteskunde orokorretan, botoen % 34,2 eta 145-150 eserleku lortuta, eta baliteke Voxekin batera gehiengo osoa batzea, FORTAren inkestaren arabera.
Horren ildotik, PPk eta Voxek 169 diputatu batuko lituzkete aurreikuspen txikienarekin, eta 177 handienarekin. Bestalde, egungo koalizio gobernua osatzen duten alderdiek eta horren ohiko aliatuek, ordea, 162 eta 172 artean izango lituzkete. Gehiengo osoa eskuratzeko 176 behar dira gutxienez.
Bigarrena PSOE litzateke, botoen % 28,9 eta 113 eta 118 ordezkarirekin, eta Sumar hirugarren, 28-31rekin (% 13,3).
Ondoren, alderdi hauek leudeke: EH Bildu (6 eserleku eta bozen % 1,6), EAJ (5 eserleku eta botoen % 1,7); ERC (botoen % 2,7) eta Junts (% 2,3), biak 9 ordezkarirekin; CUP (1-2 eserleku eta botoen % 0,7), BNG (1-2 ordezkari eta botoen % 0,5), Teruel Existe (0-1 eserleku eta bozen % 0,1) eta Coalicion Canara (ordezkari 1 eta botoen % 0,4).
EUSKADI
Euskal Autonomia Erkidegoan EAJ izango litzateke bozkatuena, baina 5na diputatu irabaziko lituzkete jeltzaleek (botoen % 25,7), PSOEk (% 24,9) eta EH Bilduk (% 20,4). PPk 2 jasoko lituzke (% 13,6), eta Sumarrek, aldiz, 1 (%10,5).
Lurraldeka, Araban eserleku bana eskuratuko lukete PSOEk, PPk, EH Bilduk eta EAJk.
Bizkaian, EAJk, PSOEk eta EH Bilduk 2na ordezkari izango lituzkete, eta bana PPk eta Sumarrek.
Azkenik, Gipuzkoan, PSOEk, EH Bilduk eta EAJk 2na jasoko lituzkete.
NAFARROA
Foru Erkidegoan, PPk eta PSOEk 2na eserleku lortuko lituzkete, eta EH Bilduk, 1. Horrenbestez, UPN ordezkaritzarik gabe geratuko litzateke.