Politika -
HAUTESKUNDE OROKORRAK
519.898 herritarrek izango dute botoa emateko eskubidea Nafarroan igandeko hauteskundeetan
Denera, botoa posta bidez emateko 47.411 eskari jaso dira, maiatzaren 28ko Udal eta Foru Hauteskundeekin alderatuta, hirukoitza.
EITB MEDIA
Nafarroako Foru Erkidegoan prest dute igandeko Espainiako Gorteetarako Hauteskundeetarako dispositiboa. 519.898 herritar daude botoa ematera deituta, 997 mahai ipiniko dituzte 362 hauteslekutan banatuta, eta denera, 6,9 milioi boto-paper inprimatu dituzte.
Jose Luis Arasti Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkariak eman ditu gaur datuok, hedabideen aurrean Iruñean egin duen agerraldian. Bereziki nabarmendu du posta bidezko botoa emateko egon den eskari kopurua, 47.411, maiatzaren 28ko Udal eta Foru Hauteskundeetan baino hiru aldiz gehiago.
U23ko bozken prestaketa lanetan ari direnen eta Correoseko langileen lana eskertu du Arastik. Horren hitzetan, ohi bezala, Foru Erkidegoko udal guztiekin elkarlanean antolatu dute dipositibo guztia. Espainiako Administrazio Orokorreko 714 funtzionarioren ardura izango da egunean bertan, bozketa prozesua zaintzea. Tokian tokitik emaitzak bidaltzeko, 321 gailu elektroniko erabiliko dituzte.
Azkenik, segurtasun dispositiboa 1.400 agente inguruk osatuko dute.