Politika -
HAUTESKUNDE OROKORRAK
1.789.071 pertsona daude botoa ematera deituta EAEn U23ko bozketan
214.721 pertsonak eskatu dute botoa posta bidez ematea, maiatzeko Udal eta Foru Haueskundeetan baino lau aldiz gehiagok.
EITB MEDIA
1.789.071 pertsona daude botoa ematera deituta Euskal Autonomia Erkidegoan datorren igandeko Espainiako Gorteetarako Hauteskundetan. Horietatik 80.374 atzerrian bizi dira. Duela bi hilabete egin ziren Udal eta Foru Hauteskundeekin alderatuta, ia 80.000 herritar gehiagok izango dute boza emateko eskubidea.
Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaritzak gaur eman ditu igandeko hitzordurako prestatu duten dispositiborako datuak. Denera, 719 hautesleku zabalduko dituzte, eta horietan, 5.390 hautetsontzi egongo dira, 2.695 mahaitan banatuta. 18 milioi boto-paper inprimatu dituzte, Kongresurako eta Senaturako hautagaitzekin.
Posta bidezko botoari dagokionez, 214.721 pertsonak eskatu dute euren botoa modu horretan ematea, maiatzeko Udal eta Foru Hauteskundeetan baino lau aldiz gehiagok. Araban 30.974 herritarrek egin dute posta bidez bozkatzeko eskaria; Bizkaian, 126.188k eta Gipuzkoan, 57.559k.
Bestalde, 1.552 agentek osatuko dute segurtasun dipositibo berezia; 1.217 ertzainek, 200 polizia nazionalek, 100 guardia zibilek eta 35 udaltzainek.
Zozketa bidez, 8.085 mahaiburu izendatu dituzte, eta 16.170 ordezko (M28an baino ia 6.000 gehiago), eta Estatuko Administrazio Orokorreko 2.129 funtzionario arduraduko dira bozketa-prozesua zaintzeaz eta arauak betetzen ari direla bermatzeaz.
Goizean zabaldutako oharrak zehazten duenez, 901 tableta edo gailu elektroniko erabiliko dituzte mahaiak itxitakoan tokian tokitik emaitzen berri emateko. Gipuzkoako 22 mahaitan bakarrik egingo dute lan hori telefono bidez, kobertura arrazoiengatik.
Azkenik, igandeko bozketan hauteslekuetan egotea egokitu zaien herritarrentzat, gida prestatu du Barne Ministerioak, informazio praktikoarekin.