Politika -
EITB Focus
PSNk eta PPk 2na diputatu lortuko lituzkete Nafarroan, eta UPN desagertu egingo litzateke Kongresutik
Sozialistek bost puntuko aldea izango lukete ‘popularren’ aurrean, eta EH Bilduk atxiki egingo luke duela lau urte eskuratutako eserlekua.
EITB Media
PSNk eta PPk 2na diputatu eskuratuko lituzkete Nafarroan uztailaren 23ko hauteskunde orokorretan, baina Alderdi Sozialista izango litzateke bozkatuena lurraldean, 'popularrei' 5 puntuko aldea aterata, EITB Focus inkestaren arabera.
Hori horrela, PSNk 2019an baino eserleku bat gehiago lortuko luke. Izan ere, ia hiru puntuko hazkundea izango luke bototan, % 25etik % 27,7ra pasatuta.
Bere aldetik, PPk beraganatu egingo lituzke duela lau urte Navarra Suma koalizioak (UPN, PP eta Ciudadanos) irabazitako bi eserlekuak, UPN Kongresutik kanpo utzita.
Nafarroan ordezkaritza jasoko lukeen azken alderdia EH Bildu izango litzateke. Koalizio abertzaleak mantendu egingo luke azken hauteskundeetako ordezkaria, botoen % 18 lortuta (puntu bat gehiago).
Horrenbestez, Sumar koalizioak ez lioke eutsiko 2019an Unidas Podemosek eskuratutako diputatuari.
EITB Focus
Fitxa teknikoa
915 pertsona elkarrizketatu dituzte Nafarroan (300 Iruñean eta 615 gainerako herrietan) EITB Focus inkesta egiteko.
Elkarrizketak ekainaren 28tik uztailaren 11ra egin dituzte.
Konfiantza-mailari eta beste hainbat adierazle estatistikori buruzko informazio sakonagoa ezagutzeko, kontsultatu ikerketaren PDFa.