Politika -
EITB FOCUS
EAEn eta Nafarroan inkestatutakoen % 16k ez dakite nori emango dioten botoa
EAEn EH Bildu haziko litzateke gehien, Unidas Podemoseko, EAJko eta abstentzionistetako boto-emaileak erakarrita. Zalantzatiak Estatuko ezkerreko blokean biltzen dira (PSOE-Sumar). Nafarroan, EH Bilduk emaitzak bikoiztuko lituzke eremu euskaldunetan, eta NA+-ko boto-emaile gehienek PP babesten dute.
EITB Media
Uztailaren 23rako deituta dauden Espainiako Gorteetarako Hauteskundeetarako astebete falta denean, EH Bildu litzateke lehen indarra EAEn (boto-asmo zuzenaren % 20,9), EAJri aurrea hartuta (% 18). EITB Focusek boto asmoari buruz egindako azken inkestak utzitako ondorio nagusienetakoa da hori. Era berean, zalantza da nagusi, boto-asmo zuzena adierazi ez dutenen artean; izan ere, % 16k erantzun du ez dakiela nori emango dion botoa.
Dokumentua: Euskadiko txostena
Dokumentua: Nafarroako txostena
PSE-EE izango litzateke hirugarren indarra, % 10,8ko zuzeneko botoarekin. Hala ere, inkestatuen % 12k ez du erantzun, % 16k ez daki nori emango dion botoa eta % 11k dio ez dela bozkatzera joango.
EH Bilduko boto-emailea da bozkatzera joateko aukera gehien dituena, eta, ondoren, Sumar, PP, EAJ/PNV eta PSOEkoak.
Era berean, zalantzatien artean gizonak baino emakume gehiago daudela erakusten du inkestak, eta abstentzioaren alde egiten dutenen artean gizonak direla gehiengo. Adinaren arabera, EAJ eta PSE-EE dira hautesle zaharrenak dituztenak, eta EH Bilduk gazteen lehen aukera izaten jarraitzen du.
EH Bilduko boto-emaileen erdiek baino gehiagok (% 51) uste dute euskal alderdiek Madrilen duten eragina hazi egingo dela datorren legegintzaldian. EAJkoak ez dira horren baikorrak (% 34) eta alderdi gehienen ustez eragin hori ez da haziko.
PSN garaile Nafarroan
Nafarroan, PSN da lehen indarra boto-asmo zuzenekoen % 20,3rekin, ondoren PP % 17,8 arekin eta EH Bildu % 13,4relkin (% 29, inguru euskaldunetan).
Gainera, nabarmendu behar da PSN eta PP direla emakumezko boto-emaile gehien biltzen dituztenak, eta UPNrekin batera, baita boto-emaile zaharrenak ere; EH Bilduk eta Sumarrek, berriz, arrakasta dute gazteen eta gizonen artean.
Alderdien arteko transferentziarik esanguratsuenak blokeen barruan gertatzen dira. Eskuinean, garai bateko Navarra Sumatik. hauteskunde autonomikoetan ez bezala, PPrentzat izango dira boto gehien. 2019an Navarra Sumako boto-emaileen % 44k PP bozkatzeko asmoa du eta % 20k UPN. Ezkerrari dagokionez, 2019ko Unidas Podemoseko boto-emaileek Sumar (% 43) aukeratuko dute, eta % 22 zalantzati daude.
EH Bilduk boto-emaile leialenak dituen alderdia izaten jarraitzen du. 2019an koalizioari botoa eman ziotenen % 81ek berriz bozkatuko dute 2023an. Geroa Bairen kasuan, 2019ko boto-emaileen % 28k bakarrik errepikatuko du (Foru Hauteskundeetan fideltasun tasa % 70ekoa izan zen).
Nafarroako alderdiek Madrilen izango duten eraginari buruzko iritziari dagokionez, % 23k soilik uste du alderdien eragina handiagoa izango dela hurrengo legegintzaldian. Portzentajeak gora egin du izaera autonomikoko alderdien kasuan (Geroa Bai, EH Bildu eta UPN). Nafarroan Sumarren boto-emaileak dira eragin gaitasunari buruz baikortasun gutxien dutenak.
Metodologia
Uztailaren 23ko hauteskunde orokorrei buruzko EITB Focusen edizio berezia egiteko EAEn bizi diren eta botoa emateko eskubidea duten 2.400 pertsona elkarrizketatu dituzte (800 lurralde historiko bakoitzean). Nafarroan, 915 izan dira parte-hartzaileak (horietatik 300 Iruñean). Bi komunitateetan, landa-lana telefonoz egin zen ekainaren 28tik uztailaren 11ra.