Politika -
Frankismoaren biktimak
Frankismoaren biktima baten lehen deklarazioa izan behar zuena bertan behera gelditu da Madrilen
Julio Pacheco Yepesek Frankismo garaian jasandako torturak salatu zituen eta auzitara eraman zuen kasua. Epaileak zalantzazko ertzak ikusi ditu orain eta auzia berriz aztertzea eskatu du.
EITB Media
Frankismoaren biktima batek Espainiako epaitegietan egindako lehen deklarazioa izan behar zuena bertan behera gelditu da gaur goizean Madrilen. Julio Pacheco Yepesek Frankismo garaiko krimenak salatu eta auzitara eraman zuen bere kasua. Gaur goizean Madrilgo Plaza de Castillako epaitegietan deklaratzera deitu zituzten bera eta lekuko bat.
Bertaratu direnean, ordea, deklarazioa bertan behera gelditu dela jakinarazi diete. Kasua instrukzio-epaile berri baten esku gelditu dela jakin dute. Epaile honek auzian hainbat ertz ikusi dituela eta berriz ere aztertu behar duela adierazi die.
Pachecoren abokatu Jacinto Larak "desegokitzat eta bidegabetzat" jo ditu epaile berriaren azalpenak eta auzibidean aurrera egiten ez badu, "egoera bere onera etor dadin beharrezkoak diren errekurtsoak" jarriko dituztela aurreratu du. Hala ere, "musika hau askotan entzun" dutela eta "oso doinu txarra" daukala adierazi du eta "Espainiako Estatua honelako krimenen ikerketa oztopatzen ari dela eta susmo txarra" hartzen dutela salatu du.
Julio Pacheco Yepes 1975eko abuztuaren 24an atxilotu zuten Madrilen FRAP taldearen (Frente Revolucionario Antifascista y Patriota) aurkako operazio batean. 19 urte zituen orduan eta unibertsitateko ikaslea zen. Segurtasunerako Zuzendaritza Orokorraren egoitzara eraman zuten eta 7 egunez torturatu zutela salatu du. Garai hartako hainbat poliziaren, tartean Jose Manuel Villarejoren, aurkako auzibidea zabaldu zuen.