Politika -
U23
Proposamenik gabeko eztabaida garratza izan dute Sanchezek eta Feijook
Kanpainako aurrez aurreko bakarrean, EH Bildurekin, "ETAren beso politikoarekin", akordioak egitea leporatu dio PPko hautagaiak Sanchezi. Buruzagi sozialistak ere estu hartu du Feijoo, Voxen matxismoaren aurrean "amore emateagatik".
Agentziak | EITB Media
Bestearen txanda behin eta berriz etenda, elkarri gezurretan aritzea leporatuta, eta proposamen zehatzak egin gabe. Halaxe joan da U23rako bi hautagai nagusiek kanpaina egin beharreko aurrez aurreko bakarra. Pedro Sanchez sozialista eta Alberto Nuñez Feijoo popularra mokoka ibili dira eztabaidak iraun dituen ia bi orduetan.
Batak zein besteak egindako itunek piztu dute ika-mika zakarrenak. Hala, Sanchezek Vox hartu du ahotan, eta Feijoori "matxista" den alderdi batekin akordioak egitea egotzi dio. "Voxen matxismoaren aurrean amore eman duzu", aurpegiratu dio.
PPren buruzagiak, berriz, sozialistek EH Bildurekin egindako itunak gaitzetsi ditu: "ETAren beso politikoa da". Are gehiago, Miguel Angel Blanco ETAk duela 26 urte bahitu eta hildako PPren zinegotziaren irudia goratu du, akordioen inguruko "leziorik" onartuko ez duela azpimarratuta. PPko buruzagi batzuk kanpainan erabiltzen ari diren "Que te vote Txapote" leloa gaitzesten duen galdetuta, Feijook erantzun du "Txapote terrorista bat" dela eta sozialistek "terrorismoagatik zigortutako pertsonekin akordioak egin" dituztela salatu du.
Hurrengo hauteskundeetarako proposamena egin du PPko buruak, eta boto gehien lortzen dituen indarrari gobernatzen uzteko konpromisoa idatziz jasotzeko galdegin dio Sanchezi. Hori horrela, sozialistek irabazten badute abstenitu egingo dela hitzeman du PPk, PSOEk modu bertsuan egiten badu PP nagusituz gero. PSOEko hautagaiak, baina, ez du proposamena onartu, eta dokumentua Atresmediako estudioetan geratu da.
Izan ere, erantzun modura, honakoa bota du Espainiako egungo presidenteak: "Hitz egin (Guillermo Fernandez) Vararekin" (Extremadurako jarduneko presidentea), Voxen laguntzarekin Maria Guardiola PPko hautagaia presidente egiteko aukerari erreferentzia eginda.
Indarkeria matxista ahotan hartzea saihestu du Feijook
Indarkeria matxistaren biktimez eta Voxek horren inguruan duen jarreraz (Valentzian eraildako emakumearen aldeko elkarretaratzean bilkuratik atera zen ultraeskuinako ordezkaria) galdetu diote PPko buruzagiari, baina Feijook erantzuna saihestu du eta "Bai bakarrik da bai" legea kritikatzeko baliatu du. "Astakeria bat izan da, 117 bortxatzaile matxista kalean utzi dituena", bota du.
Sanchezek aitortu du legea "akats juridikoa" izan zela, baina azpimarratu du Feijook biktimei aipamenik ez egitea "oso kezkagarria" dela.