Politika -

De Miguel auzia

Koldo Otxandiano Arabako Espetxean sartu da

EiTB Mediak jakin duenez, Koldo Otxandiano, EAJren kargu ohiekin lotutako ustelkeria sareagatik zigortua, Arabako espetxean sartu da gaur arratsaldeko azken orduan.

Artxiboko irudia: EITB
Artxiboko irudia: EITB
Artxiboko irudia: EITB

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Koldo Otxandiano, De Miguel auzian zazpi urteko espetxera zigortutako EAJren Arabako Buru Batzarreko buruzagi ohia, gaur arratsaldean sartu da Arabak Espetxean, asteon horretarako bigarren agindu judiziala jaso eta gero.

Hala, Otxandiano da ustelkeria kasuagatik kartzelan sartu duten bigarren zigortua. Xabier Sanchez Robles Eusko Jaurlaritzako Gazteria zuzendaria izandakoa izan zen De Miguel auziko zigortuen artean espetxera sartzen aurrena, maiatzaren 17an.

Arabako Lurralde Auzitegiak kartzelan sartzeko astelehenean eman zion 72 orduko epea bete baino ordu batzuk lehenago joan da Arabako espetxera, bai berari, bai sare ustel horretako buru Alfredo de Migueli.

Arabako Probintzia Auzitegiko 2. Sekzioak hiru eguneko epea eman zien astelehenean Otxandianori eta  Alfredo de Migueli (12 urteko kartzela-zigorrera kondenatuta), espetxean borondatez sar daitezen.  Hala ez eginez gero, epaileak ohartarazi zuen estatuko segurtasun-indarrei atxilotzeko agindua emango ziela, kartzelara eraman zitzaten. Aurreikuspenen arabera, De Miguelek ostegunean joan beharko du berak aukeratutako espetxe batera zigorra betetzera.

De Miguelek eta Otxandianok espetxeratzea atzeratzeko egindako saiakera guztiak errefusatu ditu Auzitegiak. Ekainaren amaieran, Auzitegiak uko egin zion De Miguelen espetxeratzea bertan behera uzteari, indultu eskaera izapidetzen den bitartean. Auzitegiak ziurtatu zuen kartzela-zigorra "atzerapenik gabe" bete behar duela.

Otxandiano, Sanchez Robles eta De Miguelez gain, Aitor Telleriak ere bete beharko luke espetxe-zigorra, bost urteko kartzela-zigorra ezarri baitzioten. Hala ere, lehen auzitegiko medikuaren txostenak ez zuen kartzelaratzea aholkatu, gaixotasunagatik.

Kasu honengatik zigortutako gainerako pertsonak -tartean De Miguel eta Otxandianoren emazteak- kartzelan sartzea saihestu dute.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Araba Ustelkeria politikoa azken albisteak Eguneko albisteak Albisteak De Miguel Auzia Espetxeak