Politika -
Arabako Foru Aldundia
Arabako Jasangarritasun diputatua ikertzen ari dira, prebarikazioagatik jarritako salaketa baten ostean
EITBK baieztatu duenez, kasua Gasteizko 3. epaitegiaren esku dago. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Jasangarritasuneko sailburuordea zenean eman zuen lizentzia baten harira ikertzen ari da.
EITB Media
Plataforma ekologista batek eta bizilagunek, Bergaran (Gipuzkoa) hondakinak balorizatzeko Valogreene Paper enpresaren proiektu bat baimentzeagatik salatu zuten Amaia Barredo Arabako Jasangarritasun, Nekazaritza eta Natura Inguruneko foru diputatu berria. Prebarikazio administratiboaren delitu batengatik jarri zuten salaketa hain zuzen ere. Orduan, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria zen Barredo.
EITBK baieztatu duenez, kasua Gasteizko 3. epaitegiaren esku dago. Salaketa Bergaran (Gipuzkoa) hondakinak balorizatzeko Valogreene Paper enpresaren proiektu bat baimentzeagatik jarri zuten.
Enpresak "karga mineralen ekoizpen ekologikorako" planta bat sortu nahi zuen, paper-industriako hondakinetatik abiatuta. Hala ere, salaketaren arabera, proiektua "nabarmen" aldatu zen, eta Udalak, EH Bilduk zuzenduta, hasierako baimena atzera bota zuen, baina Eusko Jaurlaritzak ez zion jaramonik egin eta argi berdea eman zion.
Jaurlaritzak ez du epaitegiaren ikerketaren berri
Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailak azaldu duenez, Fiskaltzaren eskaerari erantzun zion eta espedienteari buruzko dokumentazioa bidali zion, baina, "gaur egun", ez du jaso "inongo epaitegik kargu publikoren aurkako ikerketarik ireki duenik".
Gonzalezek uste du artxibatuko dutela
Jeltzaleak Arabako Foru Aldundiko Jasangarritasun, Nekazaritza eta Natura Inguruneko diputatu kargua hartu berri du. Ahaldun nagusiak onartu du salaketa bat dagoela bere kontra, emandako lizentziarekin lotuta.
Hala ere, Ramiro lasai azaldu da, esan duenez, ohikoa izaten delako lizentziak sinatzen dituztenen kontrako salaketak jartzea. Ahaldun nagusia "ziur" dago salaketa artxibatuko dutela.
Ramirok gaineratu ez dagoela arazorik Barredok karguan jarraitzeko, ahozko epaiketarik ez delako zabaldu oraindik, horrela jasotzen baita Eusko Jaurlaritzaren Etika Publikoko Batzordeak apirilaren 21ean sinatutako akordioan.
Agerraldia Batzar Nagusietan
Arabako PPk Ramiro eta Barredoren agerraldia eskatuko du Batzar Nagusietan. PPren arabera, "harrigarria da, Barredo ikertzen ari zirela jakinda, foru diputatu izendatzea, eta, gainera, makrodepartamentu bat emanda indartzea".