Politika -
Bizkaiko Batzar Nagusiak
Etxanobek enplegua ezarri du legegintzaldiko "helburu nagusitzat"
Bizkaiko ahaldun nagusirako hautagai jeltzaleak hitzeman du oposizioko taldeak kontuan izango dituela. Iker Casanova EH Bilduko hautagaiak fiskalitatean aldaketa "sakonak" egitearen alde egin du.
Agentziak | EITB Media
Elixabete Etxanobe EAJren Bizkaiko ahaldungaiak "pertsonak politika guztien ardatzean" jartzearen alde egin du, enplegua "helburu nagusitzat" hartuta. Horretarako, oposizioa kontuan izango duela agindu du.
Hautagai jeltzaleak, inbestidura saioan egindako hitzaldian, lurraldea "berdintasunez" garatzeko konpromisoa duen foru gobernu baten alde egin du, "pertsona guztiek aukera berdinak izan ditzaten eta inor atzean gera ez dadin".
Hautagaiak foraltasuna defendatzeko konpromisoa ere hartu du, "mehatxatuta ikusten duen toki guztietan", eta fiskalitatea "inbertitzeko erakargarria den Bizkaia bat" bultzatzeko erabiliko duela esan du, baina ohartarazi du "zergak jaitsiz soilik lehiatzea akats larria" litzatekeela, eta, horregatik, erreformek ezin dutela "arriskuan jarri" sistema "bidezkoa eta progresiboa".
Ziurrenik, Etxanobe ahaldun nagusi izendatuko dute, EAJk eta PSE-EEk lortutako akordio programatikoaren ostean. Bi indarrek, batuta, gehiengo osoa dute Batzar Nagusietan. Inbestidura saioko beste hautagaitza bakarra EH Bilduk aurkeztu du: Iker Casanova. PPk berea erretiratu du.
Bizkaian "aldaketarako gogoa" dagoela azpimarratu du Casanovak. Bere proposamenen artean, fiskalitatean aldaketa "sakonak" egitearen alde egin du, beharrezko politikei eusteko "baliabideak eta tresnak" izan ahal izateko, eta ohartarazi du ezin dela "eskuinen politiketan oinarritutako politika fiskal bat" izan.
EH Bilduren hautagaiak, halaber, Bizkaiaren "nortasun industriala" berreskuratzearen alde egin du. Industriak, azpimarratu duenez, zerga-itzulkin altuagoak eta kalitate handiagoko soldatak dakartza. Era berean, teknologikoki aurreratua eta sozialki arduratsua izango den industria bultzatzeko beharra azpimarratu du.
Casanovak politika egiteko modu berriak aldarrikatu ditu bere hitzaldian, eta ezkerreko alderdiei hautatzeko eskatu die: "politika sozialen zerbitzura ezkerreko gehiengoak eraiki" edo "EAJren eta agian Alderdi Popularraren orbitan, aldaketa geldiarazi".