Politika -
M28
EAJ eta PSE-EEk gobernu akordioa sinatu dute Donostian, eta jeltzaleek Trafikoa eta Turismoa kudeatuko dituzte
Jeltzaleek alkatetza eta bost sail izango dituzte, eta sozialistek, bost; tartean, Kirolak, Berdintasuna, Hiri mantentzea, Hiri proiektuak eta Ekonomia.
EITB MEDIA
Donostiako Udala koalizioan gobernatzeko akordioa sinatu dute gaur goizean EAJk eta PSE-EEk, eta horri esker Eneko Goia jeltzalea buru izango duen udal gobernuak gehiengo osoa izango du.
Jeltzaleek Alkatetza eta beste bost sail gidatuko dituzte: Hirigintza Plangintza eta Etxebizitza Berria (Nekane Arzallus), Kultur Nortasuna, Euskara eta Turismoa (Jon Insausti), Gizarte Zerbitzuak, Ekintza Komunitarioak eta Auzoak (Mariaje Idoeta); Segurtasuna eta Bizikidetza (Martin Ibabe), Mugikortasuna eta Garraio Jasangarria (Olatz Yarza).
Sozialistek, bere aldetik, beste bost sailen ardura izango dute: Kirolak eta Bizitza Osasuntsua (Iñaki Gabarain), Aniztasuna, Inklusioa eta Berdintasuna (Cristina Lage), Hiri Mantentzea eta Zerbitzuak (Carlos Garcia), Hiri proiektuak (Ane Oyarbide), eta Ekologia (Marisol Garmendia).
Bestalde, Nekane Arzallus izango da lehen alkateordea eta Marisol Garmendia, ostera, bigarren alkateordea.
Gobernu akordioa gaur aurkeztu dute Udaletxeko Pleno Aretoan, eta bertan izan dira bi udal taldeetako kide guztiak, Eneko Goia alkatea eta Marisol Garmendia PSE-EE Udal Taldeko bozeramailea buru zirela.