Politika -
Urdaibaiko Guggenheim
Urdaibaiko Guggenheim proiektura 40 milioi euro bideratzea onartu du Ministroen Kontseiluak
2023ko Aurrekontu Orokorretatik datorren diru kopurua da eta Urdaibai erreserban ingurugiroarekin lotutako ekimenak egiteko soilik erabili ahal izango da. Bizkaiko Foru Aldundiak beste 40 milioi euro jarriko ditu proiektua egin ahal izateko.
EITB Media
Espainiako Gobernuak Guggenheim Bilbao Museoak Urdaibain egin nahi duen hedatze proiekturako 40 milioi euro bideratuko ditu 2023ko Estatuko Aurrekontu Orokorretatik. Trantsizio Ekologikorako Ministerioaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren artean sinatu duten eta Ministroen Kontseiluak eta Diputazioko Gobernuak gaur sinatu duten konbenio batek Urdaibaiko erreserban "garapen jasangarriko ekimenak bultzatzeko" aukera emango du.
Bizkaiko Foru Aldundiak beste 40 milioi euro erabiliko ditu bere aurrekontuetatik proiektu honetarako lursailak erosi, urbanizatu eta eraikuntza lanak egiteko. 2023ko Estatuko Aurrekontu Orokorrak onartu ahal izateko negoziazioetan lortu zuen EAJk proiektu hau 40 milioirekin finantziatzeko Espainiako Gobernuaren konpromisoa.
Guggenheim Bilbao Museoak Urdaibain egin nahi duen zabaltzeak bi lokalizazio ditu aurreikusita: garai bateko Dalia fabrika eta Muruetako ontziola. Bi horien arteko espazio naturala ere egokituko da.
Espainiako administrazioetatik etorriko den dirua ingurugiroarekin lotutako ekintzetara soilik erabili ahal izango dela zehazten du bi aldeek sinatu duten akordioak; alegia, lursailak deskutsatu eta txukuntzeko, ibaiaren ibilbidea bere onera ekartzeko, gainerako paisaiarekin integrazioa lantzeko, txirrinduen aparkalekua eta bertako azpiegiturak eraikitzeko, oinezkoentzako bide bat egiteko…
Konbenioaren arabera, ordainketa bakar batean jasoko du dirua Bizkaiko Foru Aldundiak eta lanak gehienez 6 urtez luzatu ahal izango dira.