Politika -
Exekutibo berria
Urtaran Gizarte Politiketako foru diputatu berria izango da Araban
EAJk sei sail zuzenduko ditu, eta PSE-EEk gainerako hirurak. Foru diputatuek datorren asteartean (uztailak 4) hartuko dute kargua, 10:30ean hasiko den bilkuran.
EITB MEDIA
Gasteizko alkate ohia, Gorka Urtaran, Gizarte Politiketako foru diputatu berria izango da Ramiro Gonzalezek zuzenduko duen Arabako Foru Aldundian. Hain zuzen ere, departamentu horrek adinekoen egoitzak, adingabeen politikak eta dependentzia kudeatzen ditu, besteak beste.
Arabako Foru Aldundiak ohar bidez jakitera eman duenez, foru diputatuek datorren asteartean (uztailak 4) hartuko dute kargua, 10:30ean hasiko den bilkuran.
EAJk sei sail kudeatuko ditu, eta PSE-EEk gainerako hirurak. Gauzak horrela, Arabako Foru Aldundiaren gobernu berria ondorengo pertsona hauek osatuko dute:
- Ramiro Gonzalez (EAJ), Arabako diputatu nagusia
- Cristina Gonzalez (PSE-EE), lehen diputatu nagusiordea eta Enplegu, Merkataritza Turismo eta Foru Administrazio foru diputatua
- Itziar Gonzalo de Zuazo (EAJ), bigarren diputatu nagusiordea eta Ogasun, Finantza eta Aurrekontuetako foru diputatua
- Jone Berriozabal (EAJ), Berdintasun, Euskara eta Gobernantzako foru diputatua
- Saray Zarate (EAJ), Ekonomiaren Garapen eta Berrikuntzako foru diputatua
- Gorka Urtaran (EAJ), Gizarte Politiketako foru diputatua
- Anartz Gorrotxategi, Lurralde Orekako eta Lurralde Antolaketako foru diputatua
- Jon Nogales (PSE-EE), Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren foru diputatua
- Amaia Barredo (EAJ), Iraunkortasuneko, Nekazaritzako eta Natura Inguruneko diputatua
- Ana del Val (PSE-EE), Kultura eta Kiroletako foru diputatua
Ramiro Gonzalez hiru legegintzaldiz jarraian gobernatuko duen Arabako lehenengo ahaldun nagusia da. Hala izango da ostegun honetan, bigarren bozketan, EAJk bere botoak sozialisten botoekin batu ostean, joan den maiatzaren 28ko hauteskundeen ondoren bi alderdiek sinatutako gobernagarritasunaren akordioa betez. Ondorioz, "elkarrizketa eta akordioa" eskaini die oposizioko taldeei, Voxi izan ezik.
Gasteizko Udalean, Sonia Diaz de Corcuerak ordezkatuko du Saray Zarate Kultura, Hezkuntza eta Modernizazioko zinegotzi gisa, EAJren zerrendan hurrengoa baita. Horrenbestez, gaur egun Eusko Jaurlaritzako Trafiko zuzendaria denak hartuko du Zarateren kargua.