Politika -
Gipuzkoako Batzar Nagusiak
Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusi izendatu dute, EAJren eta PSE-EEren botoekin eta PPren boto batekin
Horrela, Foru Aldundian erantzukizun handieneko kargua duen lehen emakumea da. Mendozak ez du gehiengo osoa lortu lehen bozketan; izan ere, PPko hiru batzarkideek boto zuria eman dute, eta bigarren itzulia beharrezkoa izan da.
E. L. | EITB Media
Gipuzkoako Batzar Nagusiek gaur arratsaldean egin dute inbestidura saioa, eta Eider Mendozaren (EAJ) hautagaitza babestu dute. Alderdi jeltzalearen 17 boto jaso ditu, PSE-EEren 7 ordezkariena, koalizio gobernua errepikatzeko akordioaren arabera; eta PPren hiru batzarkideetatik bakarrak babesa eman dio, beste biek boto zuria eman dute. Horrela, Foru Aldundian erantzukizun handieneko kargua duen lehen emakumea da.
Mendozak ez du gehiengo osoa lortu lehen bozketan; izan ere, PPko hiru batzarkideek boto zuria eman dute, eta bigarren itzulia beharrezkoa izan da. EAJren 17 babesekin, PSE-EEren zazpiekin eta PPren beste batekin nahikoa izan du.
Maddalen Iriarte EH Bilduren hautagaiak, maiatzaren 28ko hauteskundeetako irabazleak, 22 batzarkideek eta Elkarrekin Podemoseko biek babestu dute.
Goizean, Eider Mendoza jeltzaleak eta EH Bilduko Maddalen Iriartek aurkeztu dituzte hautagaitzak. Mendoza izan da hitza hartzen aurrena, eta EAJren eta PSE-EEren arteko koalizio-gobernuak egindako lana goratuz abiatu du bere hitzartzea. Itun horri esker "Gipuzkoan iraganean zintzilik utzi ziren arazo larriak konpondu" direla ziurtatu du. Datorren legealdirako sozialistekin adostu duten programan jarri du azpimarra, eta "elkarlanerako deia" egin die gainerako alderdiei. "Indar berarekin adierazi nahi dut ez dela zilegi deslegitimatzea joko-arau demokratikoen barruan lortutako adostasunak eta hartutako erabakiak, norberaren gustuko ez direlako", erantsi du.
Ordu eta laurden inguru iraun duen hitzaldian, jeltzaleak azaldu du "gauzak egiteko moduari garrantzi berezia" emango diola bera buru izango duen Aldundiak. "Hurbiltasuna, feminismoa eta berrikuntza" izango dituela ardatz esan du, begirada beti "epe luzera jarrita". "Emakume aurpegia izango du gure gobernuak, lehen diputatu nagusi emakumea izateaz gain, errotik txertatuko duelako feminismoaren ikuspegia gure egunerokoan", zehaztu du.
Bere aldetik, Maddalen Iriarte EH Bilduko hautagaiak egungo Gipuzkoaren argazkia egin du, ongizate eta berdintasun arloetan "geldialdi egoeran" dagoen lurraldea, bere hitzetan. Norabidea aldatzeko "komunitateari lotutako kudeaketa eredua" proposatu du, elkarbizitza bermatuko duena. Ildo horretan, adierazi du herritarrek M28an argi hitz egin zutela eta Gipuzkoa gidatzeko ardura beraiei eman zietela.
Iriarte sinetsita dago "herri honek egiteko modu" bat duela eta zentzu horretan "Gipuzkoak abangoardia" izan daitekeela. "Politika feministak, ezkerrekoak eta euskaldunak" erdigunean jarrita, prest agertu da "garai berri bati ekin" eta Gipuzkoako diputatu nagusi izateko. "Herri honek badu kontzientzia bat. Izan zirelako bagara, izaten jarraitzeko zein bide egin eta norekin egin erabakitzea ezinbestekoa da", esan du.