Politika -
Ahaldun nagusia hautatzeko
Gipuzkoako Foru Aldundiak inbestidura eguna du gaur
Litekeena da Eider Mendoza EAJren ahaldun nagusigaiak Aldundia gobernatzeko beharrezko botoak biltzea, atzo PSE-EErekin akordioa adostu ostean.
EITB Media
Gipuzkoako Foru Aldundiak ahaldun nagusi berria hautatuko du gaur. Litekeena da Eider Mendoza jeltzalea izatea, EAJk eta PSE-EEk asteazken honetan akordioa adostu baitute. Gaur Gipuzkoako Batzar Nagusietan egingo den osoko bilkuran EAJko hautagaiaren inbestidura bultzatzeko konpromisoa hartu dute bi indar politikoek, ohar baten bidez jakinarazi dutenez.
Inbestidura egin arte ez dute arloen banaketaren berri emango. Bozketa saioa 18:00etatik aurrera hastea dago aurreikusita.
Batzarkide gehienen babesa lortuz gero, PPren erabakiaren zain, "pertsonen zaintza eta babesa lehenetsiko dituen foru gobernu bat osatzeko konpromisoa" hartu dute jeltzaleek eta sozialistek, "aldi berean ekonomia indartsu bat garatuko duena, Gipuzkoako familien ekonomia babestuko duena eta gure garaiko eraldaketa sozial, teknologiko eta ingurumeneko handiei modu berritzaile, kolaboratibo eta eraginkorrean erantzungo diena". Alderdi Popularrak Mendozaren hautagaitza babestuko duela ematen du, Maddale Iriarte (EH Bildu) ahaldun nagusi izan ez dadin.
EAJren eta PSE-EEren arteko koalizioko foru gobernuak azken zortzi urteetan izan dituen "emaitza positiboak" baloratu ondoren, gobernagarritasun akordio bat sinatu dute "Gipuzkoaren alde, lankidetzatik eta etorkizunari begira aurrera egingo duena, pertsona guztiei kalitatezko enplegua, babes soziala eta bizitza proiektu orekatua bermatuko diena".
Jeltzaleek eta sozialistek 13 helburu estrategiko adostu dituzte "Gipuzkoak aurrera egin dezan". Xede horiek oinarri izango dira, hain zuzen ere, Eider Mendozak inbestidura-saioan defendatuko dituen eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren gobernuari forma emango dioten "ekintza-ildo nagusietarako", Aldundiak Batzar Nagusien babesa lortuz gero: besteak beste, gizarte-politikei beste bultzada bat ematea, pertsonak erdigunean jarrita; ekonomia indartsu eta lehiakorra eraikitzea; ongizatea eta lehiakortasuna babesteko zerga-politika; demokrazian eta elkarlaneko gobernantzan sakontzea, eta klima-aldaketari aurre egitea.