Politika -
NAFARROA
Nafarroako Parlamentuko presidenteak gaur abiatuko du bilera erronda, inbestidurari begira
Unai Hualde Vox (10:00), Zurekin Nafarroa (11:00) eta PPN (12:00) taldeekin bilduko da Nafarroako Gobernuko presidente izateko babes nahikorik duen hautagairik ba ote dagoen jakiteko. Bihar, Geroa Bai (10:00), EH Bildu (11:00), PSN (12:00) eta UPN (13:00) taldeen txanda izango da.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko presidenteak gaur abiatuko du bilera sorta alderdi eta talde politikoekin, oraingoz datarik ez duen inbestidura bati begira, Gobernuko presidente izateko babes nahikorik duen hautagairik ba ote dagoen jakiteko.
Maiatzaren 28ko hauteskundeetan lortutako ordezkaritzaren arabera, txikienetik handienerako hurrenkeran egingo dituzte bilerak. Gaur, Nafarroako Parlamentuko presidentea Vox (10:00), Zurekin Nafarroa (11:00) eta PPN (12:00) taldeekin bilduko da, eta bihar, Geroa Bai (10:00), EH Bildu (11:00), PSN (12:00) eta UPN (13:00) taldeen txanda izango da.
Nafarroako Parlamentua osatu, eta gehienez ere hamar egun balioduneko epean, Parlamentuan ordezkaritza duten alderdi eta talde politikoekin elkartu eta Gobernuko presidente izateko hautagai bat proposatu behar du Hualdek.
Bilerak amaitutakoan, babes nahikoa duen hautagairik balego, Nafarroako Parlamentuko Mahaiak eta Bozeramaileen Batzordeak Nafarroako Gobernuko presidente izateko hautagaia proposatu, eta inbestidurarako deialdia egingo lukete ekainaren 30eko osoko bilkuran.
Abuztuaren 28ra arteko epea dago inbestidura bat aurrera ateratzeko. Hala ez balitz, hauteskundeak deitu beharko lirateke berriro.
Negoziazioak
Atzo, bestalde, PSN, Geroa Bai eta Zurekin Nafarroa koalizio-gobernu bat berriz osatzeko prest agertu diren hiru indar politikoek lehen proposamenak partekatu zituzten 'hiruko' lehen bileran, bi aurrenekoen arteko ikuspuntu desberdinekin.
Batzarraren amaieran, Ramon Alzorriz PSNko bozeramaileak, Maria Chivitek negoziazioa zuzentzeko arduran jarri duenak, kazetarien aurrean egindako adierazpenetan, hiru alderdiek elkarrekin egindako lehen bilera honek "gai jakin batzuetan ekarri duen aurrerapausoa" nabarmendu zuen.