Politika -
GIPUZKOAKO ALDUNDIA
Gipuzkoako diputatu nagusi berria aukeratzeko bilkura ekainaren 29an egingo da
Gipuzkoako Batzar Nagusietako Bozeramaileen Batzordeak adostu du bilkura datorren asterako deitzea. Itxura guztien arabera, Eider Mendoza jeltzalea izendatuko dute diputatu nagusi, PSE-EEren eta PPren babesarekin.
EITB MEDIA
Behin Gipuzkoako Batzar Nagusiak eratuta, diputatu nagusi berria izango dena aukeratzea da hurrengo urratsa, eta gaur jarri dute horretarako data: ekainaren 29an jakingo da nork gidatuko duten Gipuzkoako Foru Aldundia datozen lau urteotan, Markel Olanoren lekukoa hartuta.
Itxura guztien arabera, Eider Mendoza jeltzalea hautatuko dute diputatu nagusi, PSE-EEren eta PPren batzarkideen babesarekin. Hala iradokitzen zuen, joan den astean, Xabier Ezeizabarrenak (EAJ) Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidente izendatzeko bereganatu zuen babesak. Bere alderkideenak ez ezik, sozialisten 17 botoak eta popularren 7ak ere lortu zituen.
Maiatzaren 28ko foru hauteskundeetan, EH Bilduk aurrea hartu zion EAJri Gipuzkoan, alde nabarmenarekin. Maddalen Iriartek irabazi zituen bozkak, 22 eserleku eskuratuta Batzar Nagusietan, 2019an baino bost batzarkide gehiago. Ezker abertzaleko koalizioak botoen % 36,64 eskuratu zituen. Bigarren lekuan, botoen % 32,64rekin, EAJ geratu zen. Mendozaren hautagaitzak 17 eserleku eskuratu zituen, orain lau urte baino hiru gutxiago. 15.000 boto inguruko aldea atera dio Iriartek Mendozari.