Politika -
ELKARRIZKETA RADIO EUSKADIN
Datorren astean PSE-EErekin Donostiako Udalean akordioa lortzea espero du Eneko Goiak
Donostiako alkateak onartu du Mugikortasun kartera dela bi alderdien arteko desadostasuna eragiten duen arrazoietako bat.
O. A. | EITB MEDIA
Iragan larunbatean, Eneko Goia jeltzalea Donostiako alkate aukeratu zuten hirugarrenez, eta gobernua osatzeko lanean ari da. Haren esanetan, jeltzaleak eta sozialistak balizko gobernu akordioa eta erantzukizunen banaketa negoziatzen ari dira, eta datorren astean akordioa lortzea espero du.
Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egindako elkarrizketan, Goiak aitortu du Mugikortasun kartera dela bi alderdien arteko desadostasuna eragiten duen arrazoietako bat. Azaldu duenez, sozialistek uko egin diote erantzukizun hori bere gain hartzeari: "Ez dute nahi, eta hitz egiten jarraitu behar dugu, gai hori eta beste batzuk adosteko".
Loiolako kuartelari dagokionez, onartu du kezkatuta dagoela Espainiako Gobernuan egon daitekeen aldaketagatik. Edonola ere, Udalak eta Ministerioak proiektua uztailaren 23a baino lehen sinatu ahal izatea espero du.
Etxebizitza Legeari buruz galdetuta adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzari dagokio eremu tentsionatuak izendatzea, eta Udalak errespetatu egingo du erabakia. "Hortik harago, uste dut hiriak eskaintza berria sortzeko beharra duela, eskaria oso handia baita", esan du.
Azkenik, mugikortasunari lotuta, nabarmendu du Topoaren obrak eta AHTaren geltokia legegintzaldi honetan gauzatuko direla.