Politika -

Elkarrizketa Euskadi Irratian

Denis Itxasok uste du dirua balego Jaurlaritzak funts gehiago jasoko lituzkeela birgaitze energetikoetarako

Gaur egun, 15.600 etxebizitzatik gora erreformatzeko jarduerak daude onartuta edo izapidetzen, eta 130 milioi euroko laguntzak bideratuko dituzte horretara 2026ra arte. Hala ere, herritar asko kexu dira laguntzarik gabe gelditu direlako.

Denis Itxaso, Euskadi Irratiko estudioetan. Argazkia: EITB MEDIA
Denis Itxaso, Euskadi Irratiko estudioetan. Argazkia: EITB MEDIA
Denis Itxaso, Euskadi Irratiko estudioetan. Argazkia: EITB MEDIA

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Finka administratzaile asko haserre daude eraikinak eta etxebizitzak birgaitzeko Next Generation funtsak "bat-batean" agortu direla esan berri duelako Etxebizitza Sailak. Ildo horretan, Denis Itxaso Espainiako Gobernuak Euskadin duen ordezkariak Euskadi Irratian egindako elkarrizketan azpimarratu du eskaria oso handia izan dela, "eskaintza baino handiagoa", eta iragarri du litekeena dela orain Sailak diru gehiago eskatzea Espainiako Gobernuari. Horren esanetan, baina, Ministerioak erabaki beharko du laguntza gehiago banatuko dituen, "horretarako dirua egonez gero".

Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzak egindako kudeaketa nabarmendu du, "inon baino azkarrago banatu direlako funts hauek eskatzaileen artean. Txalotzen dut zenbaterainoko zuhurtziaz eta azkartasunez banatu dituen Etxebizitza Sailak partida hauek".

Europako laguntzei lotuta, Itxasok adierazi du Espainiako Gobernuak adostuta zuela Europarekin dirulaguntzon banaketa. Hala, azaldu du Euskadiri dagokion diru-kopuruaren % 50 Eusko Jaurlaritzak kudeatuko duela, eta gainontzekoa Ministerioak bideratuko duela. Horrela, Espainiako Gobernuaren ordezkariak Pedro Azpiazu Ekonomia sailburuari erantzun dio Next Generation funtsen kudeaketarekin kexu dagoela esan ondoren.

Irun-Brinkola aldirietako tren-zerbitzuak azkenaldian dituen atzerapenei helduta, erabiltzaileak oso kexu dira, obrek eragindako arazo puntualetatik harago egiturazko arazoa dagoelako. Horren aurrean, Itxasok esan du "normala" dela obrak egiten ari direnean "oztopoak" egotea. Hala ere, "beharrezkoak" direla esan du, eta horiei esker Donostia-Baiona linea metropolitanoa martxan jartzea ahalbidetuko dela erantsi du.

Eskumenei dagokienez, aldirietako tren zerbitzuaren eskualdatzea gauzatu gabe gelditu da, udazkenean negoziazioak azken txanpan zeudela iragarri zen arren. Kasu honetan, Itxasok azaldu du xehetasun gehienak adostuta daudela, baina diru-kopurua ezartzea falta dela. "Jaurlaritzak zifra bat jarri dio horri, Gobernuak beste bat. Hala, borondate politikoa egon arren, eztabaida dago, eta uste dut hurrengo legegintzaldian adostuko dela hori, betiere PSOEk gobernuari eutsiko balio; izan ere, ez dut uste PP eta VOX  dituen gobernuak hori onartuko lukeenik".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EB Espainiako Gobernua Denis Itxaso Prentsa digitalaren azken orduko Eguneko albisteak Irratia euskaraz Etxebizitzen merkatua Dirulaguntzak Euskadin Energia iturriak Efizientzia energetikoa