Politika -
Udalen osaketa
Triasek dio Collbonik Bartzelonako alkatetza banatzea proposatu ziola eta berak uko egin ziola
ERCrekin gobernatzeko akordioa "modu txarrean akabatu" izana deitoratu du.
Agentziak | EITB Media
Xavier Trias Kataluniako hiriburuko Udaleko Trias per Barcelonako buruak adierazi duenez, Jaume Collboni Bartzelonako alkate berriak alkatetza bi urtez banatzea proposatu zion, eta berak uko egin zion: "inondik inora ez nuela egingo esan nion" .
Igande honetan egin du iragarpena Bartzelonako Axa Auditorian, Jaume Collboni PSCko hautagaia Bartzelonako alkate izendatu eta biharamunean, Junts alderdia egiten ari den Consell Nacional delakoan.
Comuns koalizioaren eta PPren botoei esker, Collbonik Triasi kendu zion Udaleko buruzagitza. Trias izan zen M28ko udal hauteskundeetako irabazlea, 12 zinegotzirekin, eta uste du horrek arrazoia eman ziela.
Azaldu duenez, Collbonik esan zion alkatetza kenduko bazion abisatuko ziola, baina hori ez zela inoiz gertatu: "oraindik nago dei horren zain".
Hala ere, alkatetza kendu diote, "ez dutelako onartzen Bartzelonan independentistatzat duten alkate bat egotea", eta uste dutelako beren betebeharretako bat alderdi independentistak botere erakunde guztietatik botatzea dela, esan duenez.