Politika -
Udalen osaketa
Bastidako EAJko zinegotziek alderdia utzi dute, jasotako aginduak eragin dien "inpotentzia eta nazkagatik"
EAJk alkategairik ez aurkezteko EBBtik jasotako aginduaren aurrean alderdiarekiko loturak hautsi dituzte hiru zinegotzi jeltzaleek. Edu Barinaga zerrendaburuak dimisioa eman ostean, gainerako zinegotziek ezinezko zuten beste alkategairik aurkeztea.
EITB Media
Azken astean Bastidako jeltzaleen aulkietan hautsak harro ibili dira eta hala jarraitzen dute oraindik ere. Izan ere EAJko hiru zinegotziek kargua hartu dute gaurko Udal-osaketa saioan, eta, segidan, dimititu egin dute, hautagairik ez aurkezteko alderdiak emandako aginduak "inpotentzia" eta "nazka" sortzen diela argudiatuta.
Amaia Prieto zinegotzi jeltzaleak EBBren eta Barinagaren jokaerak salatu ditu gaurko hitzartzean, "Labastida trukerako txanpon" bihurtu izana deitoratzearekin batera. "Baliteke Bastida trukerako txanpon bihurtu izana udalerri eta aldundientzat. EAJk EBBtik negoziazioak antolatzeko izan duen moduak eta Eduardo Barinaga hautagai ohiaren konplizitateak hautagai bat aurkezteko tarterik gabe utzi gaituzte. Eta horrek inpotentziaz bete du hautagaitza hau, nazka ez esatearren. Orain arte ordezkatzen gintuen alderditik erabat aldentzen gara. Eskerrak eman nahi dizkiogu EH Bilduri Bastidako alkatetza har genezan bere botoak doan eta baldintzarik gabe eskaintzeagatik".
Alderdi Popularra izan zen maiatzaren 28ko hauteskundeetan alderdi bozkatuena (4 zinegotzi). EH Bilduk (2) EAJren (3) hautagaia bozkatzeko asmoa zuten, eta aurkeztu izan balu EAJrena litzateke gaur gaurkoz alkatetza.
Eusko Alderdi Jeltzalearen EBBk, ordea, agindu eman zien Bastidako alderdikideei alkategairik ez aurkezteko eta, hori jakinda, dimisioa eman zuen Bastidako jeltzaleen zerrendaburu Edu Barinagak. Zerrendaburuak dimisioa emanda, ordea, beste hautagairik aurkezteko aukerarik gabe utzi zuen jeltzaleen udal taldea.
Hala, Alderdi Popularreko Daniel Garciak hartu du Bastidako aginte makila gaur Udal korporazio berria osatzeko saioan.