Politika -
Foru Ganbera eratzeko bilkura
Nafarroako Parlamentuak Geroa Bairen presidente batekin abiatuko du gaur XI. Legealdia
PSNk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak akordioa itxi zuten Uxue Barkosen alderdiak Parlamentuko presidentea aukeratzeko. Unai Hualde Ganberako jarduneko presidentea aukeratu du Geroa Baik karguan errepikatzeko.
Agentziak | EITB Media
Nafarroako Parlamentuaren XI. Legealdia gaur hasiko da, Foru Ganbera eratzeko bilkurarekin, eta, aurreikuspenen arabera, Geroa Baik proposatzen duen hautagaia izango da Parlamentuko presidente.
50 parlamentariek (15 UPNk, 11 PSNk, 9 EH Bilduk, 7 Geroa Baik, 3 PPNk, 2 Nafarroa Zurekinek eta 2 Voxek) egingo duten lehen bileran, datozen lau urteetarako erakundearen Presidentetza eta Mahaia hautatuko dira.
PSNk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak akordioa itxi zuten Uxue Barkosen alderdiak Parlamentuko presidentea aukeratzeko eta "indar aurrerakoiak" Mahaian ordezkatuta egoteko. Unai Hualde Ganberako jarduneko presidentea aukeratu du Geroa Baik karguan errepikatzeko.
Hasiera batean, Emilio Jimenez (Vox) parlamentari zaharrenak zuzenduko du Ganbera osatzeko saioa, eta idazkari gisa Kevin Lucero (PSN) eta Irati Jimenez (EH Bildu) izango ditu, bi parlamentari gazteenak. Guztiek Adineko Mahaia osatuko dute, Parlamentuko Mahaia hautatu arte.
Ganberako presidenteak bilkura irekitzat joko du, eta abokatu nagusiak deialdiari buruzko Foru Dekretua, foru parlamentari hautetsien zerrenda eta ebazteke dauden hauteskunde-auzietako helegiteak irakurriko ditu, horien ebazpenak eragin ditzakeen parlamentariak zerrendatuz.
Une oro Nafarroako foru araubidea errespetatzeko, Konstituzioari eta legeei men egiteko eta karguari dagozkion betebeharrak zintzoki betetzeko zina edo promesa egin ondoren, Parlamentuko Mahaia osatu behar duten kideak hautatuko dira. Mahaia presidente batek, bi presidenteordek eta bi idazkarik osatuko dute.
Inbestidura
Ganbera eratu eta hurrengo hamar egunen barruan, presidenteak kontsulta egin behar die Parlamentuan ordezkaritza duten alderdi edo talde politikoek izendatutako bozeramaileei, eta Foru Erkidegoko presidente izateko hautagai bat proposatu behar du, gutxienez hiru egun lehenago osoko bilkura bat deituz.
Nafarroako Parlamenturako hauteskundeak egin (maiatzak 28) eta hiru hilabeteko epean presidentegairik aurkezten ez bada edo aurkeztutakoetatik bat ere hautatua izan ez bada, Ganbera desegingo dute, eta berehala deituko dira hauteskundeak.