Politika -
MEMORIA HISTORIKOA
EAEko 40 familiari aitortu diete euren senideak Cuelgamurostik ateratzeko baimena
Goizean hasi dira Cuelgamurosen 128 biktimaren gorpuzkiak ateratzen. Gogora Institutuaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko 300 pertsona baino gehiago lurperatu zituzten lehen Erorien Harana izenaz ezagutzen zen horretan.
AGENTZIAK | EITB Media
Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) 40 familiari aitortu diete euren senideen gorpuzkiak Cuelgamuros Haranetik (Erorien Harana zena) ateratzeko baimena, Gogora Institutuak astelehen honetan jakinarazi duenez.
"40 familiak baino gehiagok denbora gehiegi itxaron dute, espero dugu oraingoan euren irrika egia bihurtzea eta senideak etxera ekartzea", adierazi du Aintzane Ezenarro Gogora Institutuko zuzendariak.
EAEko 300 pertsona baino gehiago lurperatu zituzten Cuelgamurosen, Gogora Institutuaren arabera.
Madrilgo Cuelgamuros Haranean, forentseak gaur goizean hasi dira 128 biktimaren gorpuzkiak ateratzen. Gaur Santo Sepulcro kaperan hasi dira lanean, eta ondorengo asteetan inguruko kaperetara zabalduko dira lanak.
Gaur-gaurkoz, EAEko 45 euskal familiak erakutsi dute euren senideak bertatik ateratzeko gogoa, 40 familiari eskubidea aitortu diete eta Gogora Institutuak horietako 36ren DNA laginak ditu.
Cuelgamurosen lurperatutako 45 horietatik 10 errepublikanoak ziren, 23 matxinatuen aldean borrokatu ziren eta ez dago gainerako hamabi horien inguruko informaziorik.