Politika -

Montenegro

Europa Orain alderdiak irabazi ditu Montenegroko hauteskundeak

% 56,4ko parte-hartzea izan ondoren, botoen % 70 zenbatuta, Europa Orain (PES) alderdiak botoen % 25,5 lortu ditu, Juntos oposizioko koalizioa bigarren izan da (% 23,8) eta Montenegroko Etorkizunaren Alde koalizioak botoen % 14,7 bereganatu ditu.

Milojko Spajic, Europa Orain alderdiko liderra, gaur, botoa ematera joan ondoren. EFE.
Milojko Spajic, Europa Orain alderdiko liderra, gaur, botoa ematera joan ondoren. EFE.
Milojko Spajic, Europa Orain alderdiko liderra, gaur, botoa ematera joan ondoren. EFE.

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europa Orain alderdi zentrista eta proserbiarra baina EBn sartzearen aldekoa izan da bozkatuena igande honetan Montenegron egin diren hauteskunde aurreratuetan. Botoren % 25,5 bereganatu ditu, botoen % 90 zenbatuta.

Montenegroko Sozialisten Alderdi Demokratikoa (DPS) buru den Juntos oposizioko koalizioa izango litzateke bigarren aukera, botoen % 23,8 eskuratuta, CEMI Monitorizazio eta Ikerketarako Zentroa gobernuz kanpoko erakundeak zabaldutako datuen arabera.

Hirugarren postuan Fronte Demokratikoa alderdi errusiazalea buru duen Montenegroko Etorkizunaren Alde aliantza kontserbadorea geratu da (% 14,7), eta Erreformarako Ekintza Batua (URA) da zerrenda horretan hurrengoa, botoen % 12,3 jasota.

Montenegroko gutxiengo bosniarraren Alderdi Bosniarrak botoen % 6,9 lortu du, eta Montenegroko Alderdi Sozialdemokratak, % 3,3. Albaniako Foroak % 2,2ko babesa lortu du.

CEMIren arabera, parte-hartzea % 56,4koa izan da, eta ez da nabarmentzeko irregulartasunik izan hauteskunde-egunean. 

Europa Orain alderdiak baztertu egin du Juntos alderdiarekin ituna egitea, baina ez dago argi gainerako alderdiekin bat egin ahalko duenik gobernua eratzeko.

Botoa emateko eskubidea zuten 540.000 pertsona zeuden hauteskundeetara deituta igandean Montenegron, herrialde horretako Parlamentuko 81 diputatuak aukeratzeko. 2006an, Jugoslavia ohia desegin ondoren, Serbiarekin osatzen zuen estatutik independizatu zen herrialde hori NATOko kide da 2017tik, eta Europar Batasunean (EB) sartzeko hautagaia da. 2030. urtea baino lehen lortu nahi du helburu hori, herritarren babes zabalarekin (% 76).

Gaurko hitzorduak amaiera eman beharko lioke hiru urteko ezegonkortasun politikoari; izan ere, 2020tik bi gobernu aldaketa izan dira Montenegron (azkena, abuztuan).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Europar Batasuna Eguneko albisteak Albisteak Hauteskundeak Montenegro