Politika -
Nafarroa
Batzarrek "gehiengo zabalarekin" onartu du hauteskunde orokorretara Sumarrekin aurkeztea
Nafarroako alderdiaren ustez, batasuna da gehiengo sozialerako politikak egingo dituen gobernu aurrerakoi bat lortzeko bide bakarra.
EITB MEDIA
Batzarre alderdiak "gehiengo zabalarekin" onartu du uztaileko hauteskunde orokorretan parte hartzea Yolanda Diaz Espainiako Gobernuko presidenteordea buru duen Sumar mugimenduarekin batera.
Duela gutxi egindako hauteskunde autonomikoetan Zurekin Nafarroa hautagaitza osatu zuen Batzarrek. Ohar baten bidez adierazi duenez, "jakin badakigu herrialdeko ezkerreko indar politiko guztiek bat egitea ezinbestekoa dela proiektu politikorako, herritarren botoa mobilizatzea eta ilusioa sortzea".
Alderdiaren ustez, "batasuna da gehiengo sozialerako politikak egingo dituen gobernu aurrerakoi bat lortzeko bide bakarra".
Babesak batuz
Compromis osatzen duten alderdiek (Més, Iniciativa eta Verds-Equo) aurreikusten dute ostiral honetan berretsiko dutela akordioa Sumarrekin, Valentzia, Alacant eta Castelloko hautagai-zerrendetan batera aurkezteko.
Podemosen kasuan, Compromisek bezala, oinarriek erabakiko dute zuzendaritzari koalizioan sartzeko botere osoa ematen dioten ala ez.
Bestalde, Equo-Berdeak aurreratu du akordio bat lortu duela Yolanda Diazen mugimenduarekin, eta, beraz, bat egin du dagoeneko Sumarrekin itunak edo aurreakordioak dituzten Mas Madrid, Izquierda Unida, Chunta Aragonesista, Proyecto Drago de Canarias, Iniciativa del Pueblo Andaluz eta AraMes alderdiekin.