Politika -
U23
Esquerra Republicana eta EH Bildu koalizioan aurkeztuko dira uztailaren 23ko Senatuko hauteskundeetara
“Independentzia ezkerretik” lelopean aurkeztuko dira, haien lana biderkatu eta Katalunia eta Euskal Herriaren defentsan indarrak batzeko asmoarekin.
EITB MEDIA
ERCk eta EH Bilduk ostegun honetan iragarri dutenez, uztailaren 23ko Senaturako hauteskundeetarako koalizioan aurkeztuko dira, "Independentzia ezkerretik" lelopean. Hala, jarraipena emango diote legegintzaldi honetan bi alderdiek osatu zuten legebiltzar-taldeari.
"Gaur Esquerra Republicana eta Euskal Herria Bildu, ezkerreko independentista eta subiranista euskaldun eta katalanak, gure herrien aurrean herritarrek behar eta exigitzen duten guztiari erantzuteko konpromiso irmoarekin aurkezten gara", adierazi dute bi alderdiek elkarrekn egin duten agiri batean.
Biek ala biek adierazi dutenez, "orain arte bi antolakundeen artean garatutako lanaren emaitza onek, une honetan euskaldun zein katalanei proiektu egonkorrago bat eskaintzera garamatzate, aliantza indartsuago bat herritarren bizitzen hobekuntzarako bidean eta gure herrietarako nahi dugun askatasun etorkizunean pausoak ematen jarraitu ahal izateko, are sendoagoak gainera".
Era horretan, Esquerra Republicanako presidente Oriol Junquerasek azaldu duenez, "arduraz, inteligentziaz eta lan asko eginez, gure arteko batasunak indartu egiten gaituela frogatu dugu", eta gaineratu du erakutsitako batasun politikoak irabazteko aukera ematen diela, "gure herritarren eskubide eta askatasunean sakonduz".
Arnaldo Otegi EH Bilduren Koordinatzaile Orokorraren esanetan, "denbora honetan zehar, eskuma geldiarazi duen horma izan gara, haien inboluzio eta bir-zentralizazio planteamenduak deuseztatuz". Bide horretan esan du ez dutela zalantzarik "berriro ere erabakigarriak izango garela".